NEIKER teknologia-zentroak aurrerapauso berria eman du euskararen normalizazioaren bidean, eta ofizialki aurkeztuko da INDEUS eko (Euskal Industriaren Plataforma) kide berri gisa, abenduaren 19an Zamudion egingo den urte amaierako batzar nagusian. Plataforma hau 2018an jarri zuen martxan SPRI Taldeak, Eusko Jaurlaritzako Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE), Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin, hiru foru aldundiekin eta hainbat euskal enpresa eta zentro teknologikorekin elkarlanean.
Sorkunde Mendarte, NEIKERren euskararen dinamizatzaileak, azpimarratu duenez, "NEIKERrek INDEUSi eta bere kide guztiei eskainiko die 2007tik hona euskararen normalizazioan egindako ibilbidea". Horrela, Euskararen Batzordea, Euskararen Planak, euskararen barneko dinamizatzailearen figura, BIKAIN euskara-ziurtagiriaren ondoriozko irizpide linguistikoak eta barne-hausnarketa bezalako tresnak eta egiturak sarean erabil daitezke, "lan egiteko modu onen" gisa.
Mendartek gaineratu duenez, lankidetza-sare honek "lehen sektorean eta basogintzan euskarazko ikerketa zientifikoa garatu eta sustatuko du, euskarari ikusgarritasun eta pisu handia emanez sare sozioekonomikoan eta ingurune teknologikoan". Barne-kudeaketari dagokionez, zentroak euskarazko lan-tresna berriak ezagutzea eta pixkanaka eguneroko jardunean aplikatzea espero du, "erakundearen konpromisoa eta euskararekiko politika are gehiago indartzeko".
INDEUSek hiru lan-talde nagusi ditu: Ingurune digitala, Euskarazko produktuak eta Atariko lantaldea. NEIKERren kasuan, lehentasuna ingurune digitalean eta euskarazko teknologia-tresnen erabilera sustatzean jarriko da. "Erakundearen ardatz nagusia da euskaraz ikerketan, berrikuntzan eta ezagutzaren transferentzian lan egiteko baliabide linguistiko, teknologiko eta digitalak ezagutzea eta baliatzea".
Plataformaren bidez, NEIKERrek euskaraz lan egiteko baliabide berriak ezagutzeko aukera izango du, eta horiek kudeaketan zein zerbitzuetan integratuko ditu. "Espero dugu baliabide praktiko hauek lagungarri izatea, adibidez, dibulgazio zientifikoa egiteko", azaldu du Mendartek. Gainera, beste erakunde eta enpresa batzuekin sareak ehuntzeak "lan egiteko modu onak, esperientziak eta tresna eraginkorrak partekatzea" ahalbidetuko du, sektoreko erronkei "lankidetzaren bidez aurre eginez".




