Vibrio generoko 100 bakterio-espezie baino gehiago garrantzitsuak dira itsas-ekosistemetan, karbonoaren zikloari eta beste prozesu ekologiko batzuei laguntzen dietelako. Patogeno garrantzitsuak ere izan daitezke gizakientzat eta animalientzat, hala nola kolera eraginez edo hazkuntza-errendimendua murriztuz. Itsasoko eta estuarioetako uren laginetan Vibrio espezieak identifikatzea eta kuantifikatzea zaila da, eta metodo molekular tradizionalek ez dute behar adinako bereizmenik ematen.
«16S rDNA izeneko markatzaile genetikoa erabili ohi da bakterio-taldeak bereizteko, baina elkarren oso antzekoak diren bakterioak bereizteko ez da hain erabilgarria», azaldu du Alexandra García Flórez ikertzaileak. «Markatzaile horren sekuentzia ere oso antzekoa baita espezie horien artean, eta gainera, bakterio-zelula bakoitzak kopia bat baino gehiago izan ditzake, beraz, ez du balio ugaritasunak zenbatzeko».
Garcíaren gradu-amaierako lanaren helburua Vibrio espezieak identifikatzeko tresnak hobetzea izan da, biologia molekularrean eta mikrobioen bilakaeran oinarritutako ikuspegi konputazionalen bidez. Lan hau EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko Vladimir R. Kaberdin eta Landare Biologia eta Ekologia Saileko Peter B. Pearman ikertzaileen elkarlanaren emaitza da. EHUko ikertzaileek adierazi dutenez, «gradu-amaierako lan bikaina da, eta ospe handiko aldizkari batean argitaratu da. Ez da ohikoa ikasleek beren GRALa Molecular Phylogenetics and Evolution bezalako aldizkari batean argitaratzea».
Alternatiba gisa, ikerketa-taldeak “kopia bakarreko geneak” hautatu zituen, hau da, bakterio bakoitzak gene horren kopia bakarra duena. Honek espezie bakoitzaren ugaritasuna kalkulatzen laguntzen du eta espezieak hobeto bereizteko aukera ematen du, gene horiek desberdinagoak baitira antzeko espezieen artean. Analisi bioinformatikoaren bidez, Garcíak ondorioztatu zuen 16S rDNA markatzailea ez dela Vibrio generoko espezieen historia ebolutiboaren adierazgarri, eta kopia bakarreko geneak alternatiba egokia izan daitezkeela bereizmen handiagoa behar denean.
Ikerketak proposatutako geneak maila esperimentalean probatuko dira lagin bateko Vibrioen konposizioa aztertzeko. Azterketa hau beste bakterio-motentzat ere erabilgarria izan daiteke.




