Leioako Gastrolab-ek algak eraldatu ditu herria kontatzeko osagai

Mikroalgak eta makroalgak erabili dituzte hiru koktel eta pintxo berezi sortzeko, Leioako paisaia eta memoria zapore bihurtuz.

Hiru koktel eta pintxoak Leioako paisaietan inspiratuta.
IA

Hiru koktel eta pintxoak Leioako paisaietan inspiratuta.

Leioako Gastrolab-ek mikroalgak eta makroalgak erabili ditu hiru koktel eta pintxo berezi sortzeko, udalerriko paisaia eta memoria zapore bihurtuz.

Aurtengo edizioan, mikroalgak eta makroalgak erabili dituzte hiru koktel sortzeko, bakoitza Leioako paisaia edo izaera bategaz lotuta. Edariek alkoholik gabeko bertsioa ere badute, eta bakoitza lurraldean eta zapore naturaletan inspiratutako pintxo bategaz aurkeztu dute. Prozesuan ikasleek eta irakasleek hartu dute parte, zientzia, sormena eta ostalaritza uztartuz.
Lehenengo proposamena Vermut Leioa da, udalerriaren alde urbanoagoari lotutako koktela. Vermuta eta ginebra alga chlorellagaz infusionatu dituzte, eta laranja eta beste osagai batzuekaz osatu dute, zapore fresko eta berezidun edaria lortzeko.
Bigarrena, Cocktail Baserri, Leioako landa-paisaiari eta iparraldeko ingurune berdeari keinu egiten dion proposamena da. Bizkaiko txakolina, laranja, sagarra eta meloia uztartzen ditu, alga eta limoi-apar leun bategaz.
Hirugarrena, Cocktail Marinerri Zero, alkoholik gabeko edaria da, Nerbioi itsasadarraren eta Leioak itsasoagaz izan duen loturaren omenez sortua; laranja, melokotoia, anana eta granadina ditu oinarri, alga-ukitu bereziagaz.
Aurkezpena esperientzia sentsorial moduan egin dute: koktel eta pintxoen dastatzea argiekaz, musikagaz eta paisaien irudiakaz lagundu dute, edari bakoitzaren inspirazioa hobeto azaltzeko. Hala, Leioako paisaia urbanoak, baserri-inguruak eta itsasadarraren memoria zapore bihurtu dituzte.