Dantzariek Bizkaiko 64. Aurresku Txapelketan edo Emakumezkoen XVII. Aurresku Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute. Lehiaketa irailaren 6an, igandea, izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita.
Parte-hartzaileek jantzi tradizionalak erabili beharko dituzte eta aurreskuaren lau zati dantzatu beharko dituzte. Parte hartzeko ordena zozketa bidez erabakiko da. Epaimahaiak dantzarien arintasuna, erritmoa, pausoak eta janzkera baloratuko ditu, estilo bizkaitarra kontuan hartuta.
Izen-ematea posta elektroniko bidez (infokultur@leioa.eus) edo posta arruntez (Kultur Leioa, José Ramón Aketxe kalea 11, 48940 Leioa) egin daiteke. Horrez gain, txapelketa egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, 17:00etatik 18:00etara.




