Lagun Onakek Bigarren Federazio Mailara igotzeko kanporaketak jokatuko ditu Leioan lortutako garaipenaren ostean

Azkoitiko taldeak Leioari 2-3 irabazi zion luzapenean bi gol sartuta, eta horri esker sailkatu da igoera fasea jokatzeko.

Irudi generikoa futbol baloi bat belar gainean, atzealdean ate sare lausoa duela.
IA

Irudi generikoa futbol baloi bat belar gainean, atzealdean ate sare lausoa duela.

Lagun Onak taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Leioako Sarriena futbol zelaian, etxeko taldeari 2-3 irabazita, eta horri esker Espainiako Bigarren Federazio Mailara igotzeko kanporaketak jokatzeko sailkatu da.

Partida oso lehiatua izan zen, eta Lagun Onakek ia derrigorrez irabazi behar zuen liga amaierako kanporaketetara sailkatzeko. Luzapenean bi gol sartuta, balentria handia lortu zuen taldeak, markagailua irauli eta garaipena eskuratuz.
Lehen zatian, Leioak izan zuen ekimena, baina Lagun Onakek arrisku gehiago sortu zuen. Taldeak goiz hartu zuen aurrea markagailuan, Unax Odriozolak 11. minutuan sartutako golari esker. Kontraeraso azkar baten ostean, Odriozolak atezainaren aurrean iskin egin eta ezkerrez sareetara bidali zuen baloia. Gol horrekin, taldea kanporaketak jokatzeko sailkatuta zegoen, baina ez zuen atzera egin. Are gehiago, Jon Sorazu bigarren gola sartzeko zorian egon zen, baina ez zuen atzean bakarrik zegoen Jakes Aranbarri ikusi.
Bigarren zatian ere tinko ekin zion taldeak, eta Sorazu berriro ere huts eta bikoa egitear egon zen, baina jaurtiketa atezainari bota zion. Jokaldi horren ostean, Leioa esnatu zen, eta 64. minutuan berdinketaren gola sartu zuen. Minutu gutxira, etxekoek lehia irauli zuten Iker Bastida atezainak egindako penalti baten ondorioz, eta 11 metrotatik ez zuten barkatu.
Egoera ikusita, entrenatzaileak arriskua hartu eta goiko lerroko jokalariak zelairatu zituen, eta jokaldia ezin hobeto atera zitzaion. 92. minutuan, Beñat Leizak ezker hegaletik egindako erdiraketa itxi batean, etxeko jokalari batek baloia ukitu eta zuzenean zutoinaren ondotik sareetara joan zen, binakoa lortuz. Azkenean, 97. minutuan iritsi zen sari potoloa: Imanol Alberdik ezkerrez egindako erdiraketa bikain baten ostean, Jon Galarzak buruz errematatu eta garaipena eman zion taldeari.
Lagun Onakek lortutako hiru puntuei esker, mailaz igotzeko kanporaketen bideari ekin ahal izango dio. Hirugarren Federazio Mailako euskal taldeek beren artean jokatuko dituzte kanporaketak datozen asteetan. Lagun Onakek Derioren aurka jokatuko du lehen kanporaketa, datorren astean etxean hasita. Joaneko eta itzulerako partidak kontuan hartuta hobea den taldeak lortuko du Leioa-Touring kanporaketako irabazlearen aurka jokatzea. Fase horretako irabazleak Gaztela-Mantxako aurreneko faseko irabazlearekin neurtu beharko ditu indarrak. Denboraldi honetan Derioren aurka jokatutako partidetan aurrekari onak ditu taldeak: Garmendipen 3-0 irabazi zion, eta Derion 0-1 nagusitu zen.
Emakumezkoen taldeak, berriz, porrot gogorra jaso zuen Donostiako Cesar Benito futbol zelaian, Intxaurdiren aurka 7-1 galduz. Atsedenaldirako lau gol jaso zituen taldeak, eta ezinezkoa egin zitzaion ezer lortzea. June Casinak sartu zuen Lagun Onaken gol bakarra. Liga amaitzeko bi jardunaldi besterik ez zaizkio gelditzen emakumezkoen taldeari, eta datorren astean jokatuko du sasoi honetako etxeko azken partida, Oriokoren aurka. Sailkapenaren erdialdean dago kokatuta, eta ez du sailkapenarekiko ezer jokoan.