Ekimena gaur aurkeztu da Euskararen Etxean, eta bertan parte hartu dute Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusiak, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzakoak, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak eta Lander Unzueta Game Erauntsia elkarteko kideak.
Jardunaldiak lau hitzaldi eta mahai inguru bat eskainiko ditu euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko. Itzulpengintza eta euskara izango dira ardatz nagusiak, baita bideojokoen musika eta soinu bandak sortzeko prozesua, marrazkilaritza eta arte kontzeptualak, eta bideojokoen munduko langileen egoera ere.
Aurtengo berritasun nagusia Euskal Bideojokoen 1. Azoka izango da. Bertan, Euskal Herriko bideojoko estudioak eta sortzaileak elkartuko dira beren lanak ezagutzera emateko. Hamasei erakusmahai egongo dira, Euskal Herrian edo euskaraz garatutako tituluak probatzeko aukera eskainiz. Gainera, Euskal Manganime Komunitatea eta Rolariak Elkartea bezalako sortzaileek ere parte hartuko dute.
Azokaren baitan, Game Erauntsiak Gamer Gela ekimena prestatuko du, euskarazko bideojokoen erakusleiho gisa balioko duena. Gainera, jardunaldia zuzeneko streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da EITBren webgunetik zein YouTube plataformatik.




