Ixak Sarasua Antero, Aretxabaletan jaioa 1999an, jakin-min handiko pertsona da, eta bere ibilbide akademikoak fisika, matematika, hizkuntza eta adimen artifiziala uztartzen ditu. Etxean zientziekin lotutako liburuak eta gailuak izateak eta eskolan gai horietan zuen trebetasunak unibertsitateko ikasketak aukeratzeko erabakian eragin zuten.
Fisika ikastea aukeratu zuen, unibertsoaren oinarrizko sistemak ulertzeko giltza emango ziola uste zuelako. Gradua amaitzean, ordea, ez zuen fisikan ikertu nahi izan, lanbidea sakrifikatua iruditzen zitzaiolako. Horren ordez, Modelizazioa eta Ikerkuntza Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa masterra egin zuen, datuak hainbat arlotan erabil daitezkeela konturatuta.
“"Azkenean, datuak leku guztietan baliatzen dira: fisikan, ospitaleetan, baita hizkuntzan ere"
Masterrak ikuspegi zabala eman zion, eta gaur egun hizkuntza-teknologietan dabil lanean, bere doktore-tesia baliabide urriko hizkuntzetara eta euskarara hizkuntza-eredu handiak (HEH) moldatzera bideratuta duelarik. Zailtasunak zailtasun, ikerketa-arlo honen potentziala nabarmendu du, nahiz eta baliabide urriko hizkuntzetan ikertzaile gutxi aritu.
Sarasuak zientzien eta letren arteko bereizketa artifizialtzat jotzen du. Musikarekiko zaletasuna ere badu, hainbat tresna jotzen ditu eta hainbat taldetan parte hartzen du. Horrez gain, Asteroideiak webgunea sortu zuen ikasle garaiko lagunekin, ikasitakoa euskaraz eta modu informalean partekatzeko.
Etorkizunari begira, ez du fisikara itzultzeko asmorik. Adimen artifizialaren arloak azkar eboluzionatzen duela aitortu arren, hizkuntzarekin eta datuekin lan egiten jarraituko duela ziurtatu du, eta Orai zentroa lanerako leku ona dela gaineratu du.




