Amsterdameko Unibertsitateko Sophie van ’t Hof eta Elseline Hoekzema zientzialariek gidatutako taldeak emaitza hauek argitaratu ditu Nature Communications aldizkarian. Ikerketa horretan, neuroirudi tekniken bidez hiru etapa hormonaltzat aztertu dira: pubertaroa, haurdunaldia eta menopausia. Guztira, 200 parte-hartzaile baino gehiagoren datuak aztertu dituzte, erresonantzia magnetikoen bidez.
Emaitzek erakutsi dute menopausian emakumeen garunean gertatzen diren aldaketak ezberdinak direla pubertaroan eta haurdunaldian gertatzen direnekiko. Pubertaroan zein haurdunaldian materia gris kortikalaren bolumena gutxitu egiten da. Menopausian zehar, ordea, materia grisa bere horretan mantentzen da. Orokorrean, adinarekin, emakume osasuntsuetan materia grisa beherantz doa, baina jaitsiera hori ez da modu agerian gertatu menopausian, kontrol taldeekin alderatuta.
Ikerlariek proposatu dute fenomenoaren arrazoia hormona sexualen gutxitzea izan daitekeela. Izan ere, bai pubertaroan zein haurdunaldian hormona horiek –estrogenoak eta progesterona– asko igotzen dira, eta aurreko zenbait ikerketek gorakada hori materia grisaren beherakadarekin lotu dituzte. Hala ere, ikerketa gehiago beharko direla onartu dute ustezko harreman kausal hori konprobatzeko.




