Getxoko Udalak Bizkaibuseko bi linea berreskuratzea eta aireporturako zuzeneko konexioa eskatzen ditu

Herritarren mugikortasuna hobetzeko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko eskaera egin du udalak.

Irudi generikoa: Ilunabarrean autobus geraleku bat, argi artifizialak.
IA

Irudi generikoa: Ilunabarrean autobus geraleku bat, argi artifizialak.

Getxoko Udalak Bizkaibuseko bi linea berreskuratzea eta aireporturako linea zuzen bat sortzea eskatu du, herritarren mugikortasuna hobetzeko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko.

Zehazki, bi linea mantentzea eskatu dute. Alde batetik, Bizkaibuseko A3422 lineako Bolue (Villamonte) eta Arene kaleetan kendutako geltokiak berreskuratzea eskatzen dute, Algortako goiko aldean bizi eta Artea merkataritza-gunera joan nahi duten pertsonei zerbitzua ematen dietelako. Bestetik, Muskiz eta Getxo lotzen dituen A338 linea Areeta ko geltokiraino mantentzea nahi dute; izan ere, linea hori Muskiz eta Barakaldo-Ansio artean ezarri dute, Getxo eta Leioa zerbitzurik gabe utziz eta Getxoko herritarrei ezkerraldeko zati handi bateraino joateko zuzeneko garraioa kenduz.
Horrez gain, Udalak Getxoren eta aireportuaren artean Bizkaibusen linea zuzen bat sortzea ere eskatu du. Gaur egun, Portugalete, Santurtzi, Sopela, Berango edo Leioa bezalako udalerrietatik aireportura joateko, Bilbon edo Barakaldon transbordoak egin behar dira. Horrek bidaia denborak nabarmen handitzen ditu, eta horrek hegaldiekaz, lanakaz edo turismoakaz lotutako joan-etorrietarako garraio publikoa erabiltzea zaildu egiten duela salatu du Udalak.
Udalaren arabera, alternatiba bakarra garraio pribatua erabiltzea da, baina horrek ere arazoak sortzen ditu trafikoagaz, bereziki Avanzada koan edo Txorierriko Korridorean. Arazo horiek areagotu egiten dira Getxo bezalako 77.000 biztanle inguru dituen udalerrietan.
Azkenik, Udalak argudiatu duenez, alegazio horiekin Getxo helmuga turistiko bat izan dadin apustu bat egin du, bere "ondare historikoa, hondartzak eta enklabea baliatuz". Apustu horrek, berriz, sarbide erraza eskatzen du aireportuagaz garraio publikoaren bidez.