Galdakaok Santakurtz jaiak ospatuko ditu aurten irailaren 11tik 20ra bitartean. Hamar egun hauetan zehar, 145 ekitaldi baino gehiago antolatu dira, Amets Iturbe Jaietako zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez, "adin desberdinetako herritarrei zuzenduta".
Egitarauak 14 kontzertu, 21 kale animazio edo kalejira, 9 antzerki eta dantza erakustaldi, elkarteek antolatutako 48 ekintza, eta haur eta gazteentzako 26 ekintza biltzen ditu. Gainera, tradizioak eta euskal kultura ardatz dituzten proposamen ugari izango dira.
Iñigo Arriandiaga alkateak jaiak "inguruekin disfrutatzearen" garrantzia azpimarratu du, eta "kaleak, altzariak eta guztionak diren espazioak" errespetatzeko deia egin du. Jai Batzordeko kide Izaskun Zorroza k pertsonen arteko errespetua nabarmendu du, eta kuadrillen txapelketa aipatu du, aurten Txapelketa Gastronomiko berri bat gehituta.
Aurtengo pregoilaria Iskander Sagarminaga izango da eta txupinera Maria Casillas. Ane Kareaga da jaietako kartelaren egilea. Sagarminagak "jaio zaren herriak zuri bozkatzea eta aukera ematea baino gauza handiagorik ez dago" adierazi du, eta Casillasek "kuadrilla bezala txupineroa izatea ohorea" dela nabarmendu du.
Pilota arloan, irailaren 12an Euskal Selekzioaren jaialdia izango da Kurtzeko frontoian, Munduko Txapelketarako prestaketa gisa. Bertan, Gaizka Carregal galdakoztarrak Ekhi Irribarria aramarraren aurka jokatuko du. Gainera, Azketa-Bernaola eta Lizeaga-Elorz bikoteen arteko partida ere izango da.
Bestalde, Maximo Moreno parkea berritzeko proiektua udalaren hurrengo erronka da, "parkea berriz ere herritarren topagune bihurtzea" helburu duena. Horrez gain, Galdakaoko Ahalduntze Eskolek 11 ikastaro antolatu dituzte urritik maiatzera bitartean, Torrezabal Kultur Etxean eta Aperribaiko Eperlandan.




