Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), LABeko eta BC3ko ikertzaileek etorkizunerako energia-eredu bat aurkeztu dute, gaiari buruzko eztabaida sustatzeko helburuarekin. Utilities Policy aldizkarian argitaratutako ikerketa honen arabera, lurraldeak energia-kontsumoa %51 murriztu beharko luke eta energia berriztagarrien tokiko ekoizpena %386 handitu 2050erako.
Gaur egun, Euskal Herria erregai fosilen menpekotasun handia duen eskualdeetako bat da. Energiaren %79 erregai fosiletatik dator, eta hornitzaile nagusia AEB da, kontsumitzen den gasaren %33 eta petrolioaren %12 bertatik iristen delarik. Gainera, bertako energia-kontsumoa Espainiako Estatua baino %13 handiagoa da, eta egungo egoera "handia, txarra eta garestia" dela adierazi dute ikerlariek.
Energia-kontsumoa murrizteaz gain, kalkulatu dute beharrezkoa dela egungo sorkuntza berriztagarria nabarmen handitzea lurraldeko beharrizanak asetzeko: Nafarroako Foru Erkidegoan 2,6 aldiz, Ipar Euskal Herrian 5,6 aldiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan 7,1 aldiz.
Egileen iritziz, trantsizio energetikoa ez da izango justua publikoa eta berriztagarria ez bada. Horrela, ikerlan honek egungo egoera energetiko larriari aurre egiteko eztabaida bultzatu nahi du.




