San Mames estadioak Bilboko EHUren graduazio ekitaldi bateratu bat hartuko du ostiralean, lehen aldiz. Ekitaldi honek graduko eta graduondoko ikasketak amaitu dituzten ia 4.000 ikasle bilduko ditu. Ospakizunak zuzeneko musika, bertsolaritza eta zientzia dibulgazioa uztartuko ditu.
Estadioak 44 metroko eszenatoki bat izango du, 26 metroko pantailak, 3.700 aulki joko-zelaian, lau zuzeneko emanaldi eta dekano, zuzendari eta 200 doktore baino gehiagoren parte hartzea aurreikusten da. Ekitaldian EHUalumni sariak ere banatuko dira eta Joxerramon Bengoetxea errektoreak hitz egingo du.
Ikasleak izango dira protagonista, fakultate eta ezagutza-arloen arabera antolatuta, eta ikusleek harmailetatik jarraituko dute ekitaldia pantaila erraldoien bidez. Berritasun gisa, graduatuek txapelak jantzita desfilatuko dute, ohiko birretearen ordez.
Egitarau kulturalak Nøgen, Janus Lester, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolarien emanaldiak izango ditu, baita Eñaut Elorrieta eta Sol Band Gaza ren parte hartzea ere. Unibertsitateko abesbatzak, EHUabesbatza k, irekiera emango dio unibertsitateko ereserkia abestuz.
Jardunaldia 16:00etan hasiko da, estadioaren inguruan jarritako photocalletan argazkiak egiteko deialdiarekin. Bertan, ikasleek aukera izango dute graduazioa senide eta lagunekin oroitzeko. Gainerakoek 16:45etik aurrera joan beharko dute. Joko-zelairako sarbidea 17:30etik aurrera egingo da fakultateka, sarrera bakoitzaren ondoan jarritako mahaietan banda akademikoak eta txapelak jasota. Ekitaldia 18:30ean hasiko da, eta streaming bidez emango da zuzenean.




