Garabide, Plazarak, Soziolinguistika Klusterra eta Taupak proiektuaren babesleekin batera aurkeztu dute gaur Ficoban BIHAR Nazioarteko Kongresuaren xehetasunak eta egitaraua. "Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua" lelopean, hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizunak eta diskurtsoak erdigunera ekarriko dira, identitatea, komunitateen aktibazioa, iruditegi partekatuak eta teknologiaren ekarpenak bezalako gaiekin lotuz.
Kongresua Bilbo, Irun eta Hendaia artean izango da irailaren 23tik 26ra, eta ikuspegi akademikoa, gizarte-aktibismoa eta kultur zein arte adierazpena uztartuko ditu. 40 hizkuntza-komunitate inguru ordezkatuko dituzten nazioarteko aditu, eragile eta artistak bilduko dira.
Kongresuak Bilbo ko Euskalduna Jauregian hasiko du ibilbidea irailaren 23an. Ondoren, irailaren 24an eta 25ean, Irun go Ficoban izango da egitarauaren muina, eta Hendaia ko Borderline Fabrikan ere kultur ekitaldiak izango dira. Irailaren 26an, kongresua itxi eta adierazpena sozializatuko da, Europako hizkuntzen eguna kontuan hartuta.
Gorane Ayesta, egitasmoko koordinatzaileak, azaldu duenez, egitarauak hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta kultur proposamenak bilduko ditu, munduko hainbat hizkuntza komunitatetako aditu, aktibista eta artisten parte-hartzearekin. Egitarau osoa eta parte-hartzaileen informazioa [bihar.eus](http://bihar.eus) webgunean dago eskuragarri.
Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Euskarabidea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko eta Beasaingo Udalak eta Euskal Kultur Erakundea dira proiektuaren babesle nagusiak. Erakunde horietako ordezkariek garrantzia eta konpromisoa azpimarratu dute.
Francisco Javier Cortés, eLankidetzako zuzendariak, hizkuntzen biziberritzeak eta aniztasunak duten garrantzi estrategikoa nabarmendu du lankidetzaren ikuspegitik. Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, hizkuntzen inguruko kontakizun berriak eraikitzearen eta beste esperientzietatik ikastearen garrantzia azpimarratu du. Javier Arakama, Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak, hizkuntza-aniztasuna babestearen eta ondarea zaintzearen balioa defendatu du.
Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusiak, hizkuntza-berreskuratzea justiziaren, demokraziaren eta aniztasunaren aldeko apustu gisa ikusten du. Isaac Amezaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, elkarlana, eredugarritasuna eta euskarari ikusgarritasuna ematea azpimarratu ditu. Johañe Etchebest, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, hizkuntzaren eta kulturaren arteko lotura nabarmendu du, hizkuntza erabileran, sorkuntzan eta harremanetan bizi dela gogoraraziz. Iosu Iguiñiz, Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuko ordezkariak, kongresuak hiria eta euskara ikusgarri egiteko duen aukera azpimarratu du.
Antolatzaileen helburua da BIHAR inflexio-puntu izatea hizkuntzen biziberritzearen diskurtsoak berritzeko eta komunitateen arteko elkarlana sendotzeko. Kongresua nazioarteko prozesu parte-hartzaile baten emaitza da, eta amaieran adierazpen bat aurkeztuko da, baita etorkizunean lankidetza indartzeko sare bat ere.




