Bilboko aireportuan tentsio uneak bizi izan dira larunbat eguerdian. Global Sumud Flotilla ekimeneko kideak Turkiatik iritsi direnean, haiek hartzera joandako hainbat pertsonaren eta Ertzaintzaren arteko liskarrak gertatu dira terminalaren barruan.
Segurtasun Sailak baieztatu duenez, polizia-dotazioek esku hartu behar izan dute eta hainbat identifikazio egin dituzte gertakarien ondorioz. Atxilotuei desobedientzia larria, erresistentzia eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatu dizkiete.
Euskal ordezkaritzako kideak goizeko 11:00etatik zeuden aireportuan zain. Itzulerak atzerapena izan du, nazioarteko uretan atxilotutako beste hainbat kidek ospitaleratuta egon behar izan dutelako, atxiloketan jasandako lesioak tratatzeko.




