BC3-k, klima-aldaketaren inguruko ikerketa zentroak, izotzaren mikroegitura aztertzeko irudiak prozesatzeko tresna berri bat aurkeztu du. Aurkezpena Reykjaviken, Islandiako Unibertsitatean, egin zen urriaren 5etik 7ra bitartean, ICELINK proiektu europarraren bigarren urteroko bileran. Proiektu hau Europar Batasunaren Horizon Europe programak finantzatzen du eta BC3ren parte hartzea du.
ICELINK proiektuak satelite bidezko behaketak, izotz-zundak eta modelizazioa uztartzen ditu, Greenlandia eta Islandiako izotz-xaflen bilakaera hobeto ulertzeko, klima-aldaketaren aurrean. BC3ko ikertzaileek, Nicolás González-Santacruzek eta Sérgio H. Faria-k, parte hartu zuten bileran, tresna berri hau aurkezteko. Informazio honek izotz-masa handien bilakaera iragartzeko erabiltzen diren ereduak hobetzen lagunduko du.
«ICELINK proiektuaren barruan, Greenlandia eta Islandiako laginak jasoko ditugu, eta horiekin aplikatuko dugu tresna berri hau. Izotza ez da bloke homogeneoa: bere mikroegitura kristal txikiz osatuta dago, eta horien ezaugarriek zuzenean eragiten dute izotz-masa handi hauek nola mugitzen eta deformatzen diren. Mikroegitura zehatz-mehatz aztertzeak askoz eskala handiagoan izotzak jasaten dituen prozesuak ulertzen laguntzen digu», azaldu du Nicolás González-Santacruzek.
ICELINK bilera Langjökull glaziarrean zulatutako izotz-tuneletara egindako bisitarekin amaitu zen. Gainera, ikertzaileek Arctic Circle Assembly (ACA) ekitaldian parte hartu zuten, urriaren 8tik 10era bitartean, baita Reykjaviken ere. Bertan, ICELINKek izotz kontinentalaren aldaketei buruzko saio batean parte hartu zuen, baita zientzia-komunitatearen eta tokiko komunitateen arteko lankidetzari buruzkoan ere, egokitzeko gaitasuna indartzeko.
«Arctic Circle Assembly-n parte hartzeak beste ikuspegi batzuk entzuteko aukera eman zigun eta gure lan-eremuaren testuingurua hobeto ulertzeko: klima-aldaketaren ondorioak, tentsio geopolitikoak, komunitateek bizi duten egoera eta eskualdeko eragileek dituzten beharrak. Horrek laguntzen digu ICELINKeko gure ikerketa errealitate horretan kokatzen eta zientziaren bidez zer ekarpen egin dezakegun ulertzen», azpimarratu du Nicolás González-Santacruzek.
Bestalde, bi ikertzaileek Código Verde saioaren azken atalean parte hartu zuten, BC3ren eta Carne Cruda podcastaren arteko lankidetzan. Bertan, klima-aldaketak kriosferan dituen ondorioak, horrekin lotutako arriskuak eta BC3k goi-mendi glaziarretan eta eskualde polarretan egiten duen ikerketa-lana eztabaidatu zituzten, baita aldaketa horiek eskualde horietan bizi diren komunitateetan duten eragina ere.




