Derio ko Udalak jakinarazi du 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileen bozketa-fasean parte hartu duten 281 herritarren artean, udal rokodromo berriaren proiektuak eskuratu duela puntu gehien, zehazki 1.416 puntu. Bozketara aurkeztutako lau proposamenetatik, rokodromoak irabazi du, eta horrenbestez, udalak 120.000 euro ko aurrekontua zuzenduko du proiektu hau gauzatzera.
Bozketaren sailkapen ofiziala honako hau izan da: udal rokodromoa (1.416 puntu), boleibol-zelaia (1.340 puntu), pump track-aren handitzea (1.148 puntu) eta petanka zein kaniketarako pista berria (776 puntu). Herritarrek irailaren 16tik 30era bitartean eman ahal izan dituzte euren botoak, 7 urtetik gorako Derion erroldatutako guztiek parte hartzeko aukera izan dutelarik. Botoak udalaren webgunearen bidez zein Gertuan Herritarren Arreta Zerbitzuan eta Kultur Birikan eman ahal izan dira.
Azken fasera iritsi ziren lau proiektuak, hasierako 65 proposamenetatik egindako azterketa tekniko, ekonomiko eta juridiko sakonaren ondoren hautatu ziren. Orain, rokodromo irabazlearen kokapen egokiena zehazteko eta haren ezaugarriak zehazteko azterketa teknikoa abiatuko da, bai proiektuaren beharrak eta bai herrian dauden espazioen egokitasuna kontuan hartuta.




