Egitaraua azaroaren 4an hasiko da, «Zinemakumeak gara!» ekimenarekin, non «Yo no moriré de amor» filma proiektatuko den Sozial Antzokian. Hilabete osoan zehar, Carolina Zuluaga artistaren Travesía erakusketaren aurkezpena eta bisita gidatua ere izango da, azaroaren 10ean hasita.
Musika arloan, Rockein eta MAZ Basauri jaialdiekin elkarlanean, azaroaren 12an, Lova Loisek eta Afrika Bibangek musika-industrian diharduten emakumeei buruzko hitzaldia eskainiko dute. Horrez gain, azaroaren 19an, Leire Palacios kazetari basauriarrak fake newsei buruzko topaketa gidatuko du, sare sozialen erabilera arduratsua sustatzeko.
Indarkeria matxista prebenitzeko, «Behin eta berriro» bizipena antolatu da, 16 urtetik gorakoentzat. Jarduera honek eguneroko egoeretan indarkeria matxistaren zenbait adierazpen antzemateko aukera ematen du. Guztira, zortzi bisita gidatu antolatu dira, azaroaren 18tik 26ra bitartean, euskaraz zein gaztelaniaz.
Gainera, azaroaren 21ean, Basauriko Berdintasun Kontseiluak ekitaldi bat antolatu du A25 plazan, eta herritar guztiak bertaratzera deitu dituzte. Programazioa borobiltzeko, abenduaren 9an, Beldur Barik tokiko txapelketaren sariak banatuko dituzte.




