Joan den astelehen arratsaldean, Arrigorriagako udaltzainek dei bat jaso zuten: herriko taberna batean zegoen gizon batek jarrera oldarkorra agertu eta bezeroak zein arduraduna mehatxatzen hasi zen, lokaleko su-itzaltzailea erabiliz. Udaltzainak bertaratu zirenean, identifikatzeari uko egin eta agente baten aurka egin zuen erasotzaileak, ukabilkadak, ostikadak eta ukondokoak emanez. Agenteek gizona atxilotzeko minutu batzuk behar izan zituzten.
Ertzaintzako patruila bat ere bertaratu zen eta atxilotua eraman zuen. Erasoaren ondorioz, larrialdi zerbitzuek bi udaltzainak artatu zituzten eta bi asteko baja hartu dute jasandako lesioengatik.
Esan sindikatuak gertaera hau "eguneroko gertaera arriskutsu bilakatu dela" salatu du, eta ez dela kasu isolatu bat. Sindikatuak nabarmendu duenez, polizien aurkako indarkeria ezin da lanaren parte bilakatu, eta azken boladan Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agenteen aurkako erasoak, mehatxuak eta irainak etengabe gertatzen ari dira.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak elkartasuna adierazi die erasotako udaltzainei eta azkar osatzeko desioak helarazi dizkie. Era berean, herritarrei udal langileekiko errespetuz jokatzeko deia egin die.




