Liam Nieves Gaitán, Kubako eta Nikaraguako sustraiak dituen 8 urteko haurra, Zumarragako alkate txikia izan da igandean ospatu zen Haurren Egunean. Ekitaldi hau Santa Isabel jaietarako aurrekaria izan da. Bere gurasoek, Guillermok eta Martak, duela ia hamarkada bat ezagutu zuten elkar Zumarragan, eta bertan dute seme bakarra, Liam. Familia honek bere jaioterrietako kultura eta ohiturak maite ditu, baina baita bertakoak ere, eta ilusio bereziaz bizi izan zuten semeak aukera hau izatea.
Aurtengo alkate txikiak Marina Toledano Tejedor, Naia Carrasco Xena, Laia Da Costa Calderón, Ainhoa Palencia García, Enara Molledo Feliz, Alaia Azkune Elgarresta, Martín Santos Fariñas, Aratz Plazaola Zarandona, Derek Blázquez Alvar, Aroa Abigail Vargas Mendoza, Maddi Otaegui Ayerbe eta Izei Goenaga Berakoetxea izan ditu lagun. Ikastetxe ezberdinetako ikasle hauek zinegotzi lanak egin dituzte egun batez, eta goizeko hamaiketan egin dute aginte-aldaketa Udaletxean.
“"Zuen funtzioa hartzen duzuen seriotasuna eta erantzukizuna txalotzekoa da."
Eguerdian, Irrintzi taldeko dantzarien emanaldia izan zen plazan, eta Zelai Arizti parkean, berriz, bolatoki eta toka txapelketak. Arratsaldean, haurrentzako danborrada izan zen, eta bertan ehunka haurrek danborrak jo zituzten Zumarragako kaleetan zehar, banda eta Secundino Esnaola musika eskolakoekin batera. Horrela, Zumarragak Santa Isabel jaietarako pausoak eman ditu.
Asteartean nagusien eguna izango da, asteazkenean Urtubi elkartearekin batera egingo den pregoia, eta ostegunean, berriz, Santa Isabel egun nagusia izango da La Antigua auzoan.




