Zaldibiako Udala k irmoki gaitzetsi ditu herriko jaietan gertatutako sexu-erasoak, baita herrian izandako gainerako indarkeria-adierazpenak eta txikizioak ere. Udalak elkartasuna eta babes osoa helarazi nahi die sexu-erasoak jasan dituzten emakumeei, eta berretsi du emakumeen askatasuna, segurtasuna eta duintasuna defendatzeko konpromisoa.
Gertatutakoak ez dira gertaera isolatu gisa ulertu behar, eta udalak nabarmendu du emakumeen aurkako sexu-erasoek, espazio publikoan izandako indarkeria-ekintzek eta txikizioek agerian uzten dutela indarkeria eta nagusitasuna erakusteko jarrerak oraindik ere presente daudela gizartean. Horien atzean dauden botere-harremanak eta gatazkak indarraren bidez konpontzeko jokabideak zalantzan jarri behar direla adierazi du.
Kezka-iturri da, halaber, sexu-erasoen ondoren erasotzaileei eraso fisikoz erantzun izana. Udalak gogorarazi du sexu-erasoen aurrean erantzuteak ez duela beste indarkeria bat erabiltzea justifikatzen, eta eraso fisiko bat jasateak ez duela aurretik egindako erasoa ezabatzen. Gertakari bakoitzaren erantzukizunak bere horretan jarraitzen duela azpimarratu du.
Testuinguru horretan, udalak Aske Zaldibiako talde feministak indarkeria matxistaren aurrean egiten duen lana eta herrian hausnarketa kolektiboa sustatzeko egiten duen ekarpena nabarmendu nahi ditu. Herritar guztiak urriaren 22an, 18:30ean, Karreaneko ganbaran egingo den deialdian parte hartzera animatu ditu.
Zaldibiako Udalak bere konpromisoa berresten du emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko, sexu-erasoak jasan dituztenei babesa eskaintzeko eta herritarren arteko bizikidetza baketsua sustatzeko, berdintasunean, errespetuan eta elkar zaintzean oinarritutako harremanak eraikiz.




