Jaiaren barruan hiru atal nagusi izango dira: postu gastronomikoak, ikastaroak eta ikuskizunak. Postu gastronomikoak karpa batean kokatuko dira eta Argentinatik Venezuelaraino hedatzen diren hamabost herrialdetako jakiak dastatzeko aukera emango dute.
Elkarteek hainbat jarduera eskainiko dituzte, hala nola eskulanak eta jokoak. Adinkide elkarteak 'Harremanak sortuz' ekimena aurkeztuko du, Alambique Etxeko gazteek 'Zure izena arabieraz' tailerra eskainiko dute, eta Aspacek saskigintza erakutsiko du. Gazte Bideanek poltsa diseinua landuko du, Gurutze Gorriak haur jokoak antolatuko ditu, eta Sua–Annar emakume migratuen taldeak harizko eskulanak erakutsiko ditu. Gainera, Ekuatoreko Ginea, Senegal eta Marokotik etorritako emakumeek txirikorda ikastaroa emango dute, eta pakistandar eta marokoar emakumeek henna ikastaroa gidatuko dute. Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak aniztasunaren imanak sortuko ditu.
Ikuskizunen atalean, Emanbira elkarteak perkusio saio irekia eta dantza afrikarrak eskainiko ditu. Alexandra Nishiguchi Verarekin dantza perutarra izango da, eta Senbiziako Saioa Pueblak gidatutako soinu gurpila saioa. Gainera, Los Diversos musika taldearen kontzertua izango da. Aniztasun Jaia amaitu ondoren, 19:00etan, Sorotan Bele taldeko kideek eta Iparragirre Balerdi musika bandakoek kontzertua eskainiko dute.
Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren eskutik, metalezko mural bat margotu dute, eta bertan aniztasuna irudikatzen duten imanak itsatsiko dituzte jaiaren amaieran, altxor kutxa bat osatuz.
Jasangarritasuna sustatzeko helburuarekin, plater eta edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dira. Herritarrei eskatu zaie erabili ondoren horretarako egokitutako lekuetan uztea, eta etxera eramateko jakiak erosteko asmoa dutenek beren tupper-a eramatea.




