Urretxu eta Zumarragako eskola publikoak irudi bateratua aurkeztu du

Haurreskola, eskola eta institutuaren arteko elkarlana eta hezkuntza ibilbide integrala indartzeko helburuarekin sortu da.

Urretxuko eta Zumarragako eskola publikoaren irudi bateratuaren aurkezpena.
IA

Urretxuko eta Zumarragako eskola publikoaren irudi bateratuaren aurkezpena.

Urretxu eta Zumarragako eskola publikoko hiru zentroek, haurreskolak, Gainzuri eskolak eta Joxe Mari Iparragirre institutuak, irudi bateratua aurkeztu dute gaur Zumarragako azokan, hezkuntza ibilbide osoa indartzeko asmoz.

Irudi berria Oier Fernandezek eta Eider Gorrotxategik diseinatu dute, eta bertan hiru eraikinak elkarri lotuta agertzen dira, hiru zentroen arteko batasuna eta elkarlana sinbolizatuz. Aurkezpen ekitaldian, Gainzuriko zuzendariak, haurreskolako irakasle batek eta institutuko zuzendariak parte hartu dute.

"Prozesu horretan, lerro bereko ikastetxeen arteko elkarlana sendotzen ari gara, eta gaur aurkezten dugun irudia bide horren adierazpen grafikoa da. Helburu argi batekin dihardugu: gure herrietan euskal eskola publikoa indartu eta aberastea."

zentroetako ordezkari bat
Ordezkarien arabera, irudi berria azken urteotan abiatutako prozesu baten emaitza da, zeinaren helburua baita 0-18 urte bitarteko hezkuntza ibilbidea bere osotasunean sendotzea. Horrela, hezkuntza ibilbide integrala eskaini nahi da, haurraren garapen osoa, jarraikortasuna eta ekitatezko eta kalitatezko hezkuntza publikoa lehenetsiz.
Haurreskola, eskola eta institutua bateratzeak hainbat onura dakartza, hala nola etapaz etapa lotura sendoak eraikitzea eta ikasleak ibilbide berean hazten eta hezten joatea, familien eta komunitatearen erreferentzia gune bera mantenduz. Horrek ikaslea erdigunean duen hezkuntza eredua indartzen du, bere ongizatea, garapen pertsonala eta gizarteratzea etengabe zainduz.
Talde eta profesionalen arteko koordinazio estuari esker, trantsizioak, haurreskolatik eskolara eta eskolatik institutura, modu leunago eta zainduagoan egin daitezkeela azpimarratu dute. Gainera, eskola sare publiko sendoek gizarte kohesioa, kulturartekotasuna eta herritartasun aktiboa indartzen dituztela adierazi dute, balio demokratikoetan oinarrituta.
Helburua ikasleak bizitzarako prestatzea da, gizartean aritzeko konpetentzia anitzetan trebatuz eta autonomia pertsonala modu progresiboan eraikiz. Urretxu-Zumarragako eskola publikoaren proiektu integratu honek ikasleen ongizatea, inklusioa eta garapena ditu ardatz.

"Gaur aurkezten dugun etxe bateratu hori, orain arte bezala, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta eraikitzen jarraituko dugu. Mila esker eta ongi etorri gure etxera, denon etxera."

hiru zentroetako ordezkariak
Ekitaldiaren amaieran, irudiaren sortzaileek ere hitza hartu dute, hiru espazioen batasuna irudikatzen duen emaitza sinple baina indartsua dela azpimarratuz. Ondoren, bertaratutako guztiek, ikasle, irakasle eta langileek, taldeko argazkia atera dute.