Jaien hasiera San Isidro egunean izango da. Goizean, Eitza auzoko adinekoentzako meza eta hamaiketakoa egingo dira. Arratsaldean, Urretxuko erraldoiek eta Iratzarri dultzaineroek girotuko dituzte kaleak, eta ondoren, musika emanaldiek eta afari herrikoiak hartuko dute lekukoa.
Larunbatean, kirolak eta musikak protagonismoa hartuko dute. Besteak beste, toka txapelketa, haurrentzako krosa eta hainbat txarangaren emanaldiak izango dira ikusgai. Antolatzaileek giro ona eta errespetua eskatu dizkiete bertaratzen diren guztiei.
Igandean, azken egunean, Antxiñako Ama txistulari taldeak eta Goiargi abesbatzak parte hartuko dute. Gainera, Zumarragako musika bandak eta Beloki pilota eskolak antolatutako txapelketak itxiko dute egitaraua, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearen emanaldiarekin batera.




