Jon Luqui, Mankomunitateko lehendakaria, Sergio Galdeano (Goierri klubeko Urretxutik) eta Felipe Elgarresta (Urola klubeko Zumarragatik) izan dira proiektuaren berri emateko arduradunak. Legazpi ko Ilintxa elkartea ere proiektuan murgilduta dago, baina ezin izan da gaurko ekitaldira joan. Ekitaldian izan dira, baita ere, Edurne Matias eta Alex Gonzalez, Legazpi ko eta Urretxu ko euskara zinegotziak, eta Mikel Perez, Emun kooperatibako kidea, proiektuaren garapenean laguntzen ari dena.
Proiektuaren helburu nagusia "kirol munduan euskara sustatzea" dela azaldu du Luqui k. "Kirolean umeek eta nerabeek elkarrekin lan egiten dute, senideak eta entrenatzaileak hor daude, eta ordu horietan garatzen ari gara proiektu hau, kirola euskararen erabilerarako babesgune izatea ezinbestekoa delako". Lankidetza estua izan dute euskara teknikariek, kirol eragileek eta Emun enpresak.
Proiektua diagnostiko batetik abiatu zen, eta "urrats bat harago joateko garaia zela" ikusi ondoren, esku-hartzeak martxan jarri dituzte. 2025-2026 ikasturtean, entrenamenduetan eta kirol elkarteetan euskararen erabilera handitzeko neurri praktikoak diseinatu eta ezarri dituzte Urola futbol klubean, Goierri eskubaloi elkartean eta Ilintxa kirol elkartean. Klub bakoitzak bere mikro-plan propioa du, egoerara egokituta.
Felipe Elgarresta k (Urola) "oso aberasgarria" baloratu du egindako lana, klub osoaren funtzionamendua aztertu baitute: komunikazioa, dokumentazioa, entrenatzaileen lana, musika eta eguneroko ohiturak. Entrenatzaileek, familiek, zuzendaritzako kideek eta jokalariek parte hartu dute hausnarketa saioetan. Gaur egun, Euskara Plan Estrategikoa dute martxan eta 2026rako ekintza plana definituta.
Sergio Galdeano k (Goierri) adierazi du prozesuak euskararen gaia modu estrategikoan lantzeko aukera eman diela. "Mikro-planak egoera aztertu, lehentasunak zehaztu eta urrats zehatzak adosteko balio izan digu". Klubaren eguneroko erabakietan euskararen kudeaketa txertatzen hasi direla azpimarratu du, eta horrek jarraipena izango du datozen urteetan.
Jon Luqui k azaldu duenez, Ilintxa elkarteak ere balorazio positiboa egin du, eta hausnarketa prozesuak euskararen erabilera estrategikoki lantzeko beharra agerian utzi diela azpimarratu du. Datozen hilabeteetan euskara plana garatzen eta martxan jartzen jarraituko dute.
Aurrera begira, erronka nagusiak dira parte hartu duten klubekin lanean jarraitzea autonomia handiagoa lortuz, entrenatzaileekin eta entrenamenduetan eragiteko neurri praktikoak indartzea, eta egitasmora klub gehiago erakartzea eskualde osoko kirol sarean euskararen presentzia eta erabilera handitzeko. Hitzarmen bat sinatu dute Urola Garaiko Mankomunitatearen eta parte hartu duten kirol elkarteen artean, lankidetza sendotzeko.




