Euskal diasporako 22 gazte elkartu ziren larunbatean Ataunen beren harrera familiak izango direnekin, Gaztemunduri Ateak Ireki programari esker. Gaur, berriz, programako gazte guztiak bildu dira Beasaingo Igartzako jauregian, harrera ekitaldi ofiziala egiteko. Aurten, Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programak eta Batzen Kultur Elkartearen Ateak Ireki programak indarrak batu dituzte, eta horregatik jarri diote Gaztemunduri Ateak Ireki izena. Euskal komunitateetako 50 gazte etorri dira munduko toki askotatik: estatubatuarrak, kanadarrak, argentinarrak, uruguaiarrak eta australiarrak dira. Batzuek euskal jatorria dute, arbaso euskaldunak; beste batzuek, ordea, euskararekiko eta euskal kulturarekiko jakin-minak bultzatuta batu dira programara.
Gazteak Euskal Herrira iritsi ziren larunbatean, eta uztailaren 19ra bitartean euskal kulturan eta euskaran oinarritutako ekintzak egingo dituzte. Batzuek Goierriko familiatan egingo dute egonaldia, eta beste batzuek Busturialdeko familiatan. Gaurko irekiera ekitaldian, programa posible egiten duten erakundeetako ordezkariek eman diete ongietorria gazteei, Iñaki Goirizelaia Batzen elkarteko lehendakariaren gidaritzapean.
Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak nabarmendu du programa hau "sare berriak sortzeko eta sortutakoak indartzeko" aukera ematen duela, eta komunitate izaera sendotzen duten ekimenak babesten ari direla. Adur Ugartemendia Beasaingo alkateordeak erakundeen babesa "ezinbestekotzat" jo du "sustraiak mundura zabaltzeko", eta gogora ekarri du duela hamarkada asko Goierritik ere hainbat euskaldunek itsasoa gurutzatu behar izan zutela "halabeharrez". "Oso polita da munduko beste aldean euskal komunitatearen taupada bizirik eusteko prest egotea", esan du.
“"Oso polita da munduko beste aldean euskal komunitatearen taupada bizirik eusteko prest egotea"
Ziortza Olanok, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak, bi programak bateratzearen garrantzia azpimarratu du: "Erreferentzia izan behar dugu taldean jokatuta, eta bi programak batera ikustea plazer bat da. Sarean jokatu behar dugu mundu mailan ikus gaitzaten". Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak, berriz, gazteei euskarara gerturatzeko deia egin die, "ez izan beldurrik euskarara gerturatzeko. Euskara ez da zaharra, aspektu guztietan dago, eszena digitalean, teknologian". Gazteek Etxepare Institutua bisitatuko dute egonaldian.
“"Ez izan beldurrik euskarara gerturatzeko. Euskara ez da zaharra, aspektu guztietan dago, eszena digitalean, teknologian"
Bukatzeko, Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Goiekiko presidenteak Goierriko eskualde osatzen duten udalerrien izenean eman die ongietorria, eta biztanleen araberako ekarpen ekonomikoa nabarmendu du programa aurrera ateratzeko. "Bizi euskal esperientzia topera, ikasi euskaraz pixka bat eta gozatu", animatu ditu.




