Ataunen IX. Mitoaldia aurkeztu dute, eta bihar hasiko da Koldo Alijostes-en 'Euskal izaki mitologikoak' hitzaldiarekin, 19:00etan. Ekitaldiak uztailaren 11ra arte luzatuko dira, Gau ibilaldi mitologikoa rekin amaituz. Sarrerak ostegunean jarriko dira salgai www.jentilbaratza.eus webgunean.
Barandiaran museoa n egindako prentsaurrekoan, Jentilbaratza kultur elkarteko Josu Munduate k eta Jon Aizpurua k parte hartu zuten, Martin Aramendi Ataungo alkate arekin batera. Munduatek aurkeztu zituen «gure elezahar eta kondairetatik ihes eginda» azaldu ziren pertsonaiak: Sorgina, Akerbeltz, Inguma, San Martin Txiki, Basajaun eta Basandere. Euskal mitologia gertutik «ezagutzeko, sentitzeko eta bizitzeko» aukera eskainiko du ekimenak.
“"Gure elezahar eta kondairetatik ihes eginda etorri dira: Sorgina, Akerbeltz, Inguma, San Martin Txiki, Basandere eta Basajaun"
Martin Aramendi alkate ak azpimarratu du ekimenaren atzean «herri ekimena» eta «auzolana» dagoela. «Gurea bezalako herrietan komunitatea sendotzea ezinbestekoa da, eta ekimen honek egun jendetsuenetan 150 boluntariotik gora laguntzen aritzea lortzen du», adierazi du. Alkateak gogorarazi du Mitoaldia 1981ean hasi zela eta 45 urte hauetan belaunaldi asko «jentilekin eta mundu magiko honekin» hazi direla.
Aramendik goraipatu du Mitoaldiak Joxe Miel Barandiaran en lanaren «gizarteratzea» egiten duela, «garai bateko istorioak berritzen ditu garai hartako hitzak eta esaldiak» erabiliz. «Berritzea eta erabiltzea bezalakorik ez dago zerbaiti bizirik eusteko», esan du.
“"Berritzea eta erabiltzea bezalakorik ez dago zerbaiti bizirik eusteko"
Jentilbaratza kultur elkarteari egin duen lana eskertu dio alkateak, eta Mitoaldiak herrira erakartzen duen «jendetza» nabarmendu du. «Jendea erakartzea badakigu zenbat kostatzen den, baina hauek publikoa aseguratua daukate eta sarrera gehiago jarriko balirateke horiek ere agortu egingo lirateke», gehitu du.
Jon Aizpurua k, berriz, azaldu du Jentilbaratzan Barandiaranek utzi zuena «jaso, gorde eta zabaldu» egiten dutela. «Joxe Mielek askotan aipatzen zuen herritik hartutakoa herriari eman behar zitzaiola», esan du, eta ataundar antropologoa beraientzat «euskal mitologian mito bat gehiago» dela gaineratu du.
“"Joxe Mielek askotan aipatzen zuen herritik hartutakoa herriari eman behar zitzaiola"
Aizpuruak gogoratu du Barandiaran «kondaira eta kontu zaharrak» lantzen hasi zenean bazekiela «mundu bat galtzera» zihoala. Ataunen Barandiaran «derrigorrezko bidegile eta gidari» izan dela aitortu du, baina ez ditu ahaztu nahi izan Juan Arin Dorronsoro, Joxe Arratibel eta Joxe Martin Apalategi.




