Legorretako Antzerki Taldeak bere lehen emanaldia eskainiko du larunbatean

Xabin Fernandezek zuzendutako taldeak 1926ko Legorretari buruzko obra taularatuko du bi saiotan.

Antzerki talde batek entseatzen ari den eszena, komunitate antzoki batean.
IA

Antzerki talde batek entseatzen ari den eszena, komunitate antzoki batean.

Legorretako Antzerki Taldeak, Xabin Fernandezen gidaritzapean sortua, bere lehen emanaldia eskainiko du larunbatean Legorretako antzokian, 1926ko maiatzaren 30eko gertaeretan oinarritutako obra batekin.

Herriak kultur ekimen berri bati emango dio hasiera ofiziala. Bi emanaldi izango dira, 17:00etan eta 19:30ean, eta Zer gertatu zen Legorretan 1926ko maiatzaren 30ean? izeneko obra taularatuko dute. Lan honek duela mende bateko Legorreta du abiapuntu, garaiko giroa oholtzara ekarriz. Gonbidapenen bidez beteko dute herri antzokia.
Egitasmoaren sorrera herritarren ekimenez abiatu zela azaldu du Fernandezek: «Herriko jai giro batean herritar batek antzerkia egiteko gogoa zuela aitortu zidan ahoz-goran, eta hark izandako ausardia nahikoa izan zen gerora olatura herritar gehiago batzeko». Proposamen horretatik abiatu zen proiektua. Hasiera batean Fernandezek ez zuen horrelako egitasmorik martxan jartzea planteatu, baina deialdi ireki bat egitea erabaki zuen, herrian benetako interesik bazegoen ikusteko.
«Espero baino jende gehiagok» erantzun zion deialdiari, eta hamabi pertsonako antzerki tailerra martxan jartzera eraman zituen. Gazteak, helduak eta haurrak elkartu zirenez, bi talde osatu zituzten: ume zein nerabeena, eta helduena. Larunbateko emanaldia helduek ondu dute; gaztetxoen lana ere prestatzen ari dira, baina «aurrerago» aurkeztuko dute.
Ostegun arratsaldeetan elkartzen aritu dira entseguetarako, nahiz eta estreinaldia gerturatu ahala, ordu gehiago ere eskaini behar izan dizkioten prestaketari. Fernandezen hitzetan, prozesua bera izan da egitasmoaren alderdi aberasgarrienetako bat: «Herriko profil ezberdinetako pertsonak elkartuko ditu antzerkiak, eta eboluzioa ikaragarria izan da; askoren aurreneko antzerki esperientzia izanda, hasierako lotsa eta urduritasuna gaindituz joan dira astez aste».
Zapatuan taularatuko duten lana ere «sormen kolektibotik» sortu da. Obraren abiapuntua ikasturte hasieran egindako inprobisazio ariketetan dago; ariketa haietan sortutako ideietatik garatu dute oholtzara eramango duten istorioa. 1926ko Legorretan kokatu dira, Los locos 20 deituriko garaian, eta emakume talde bat dago istorioaren erdigunean.
Antzezlanak kontatzen du nola Legorretako eta inguruko hainbat emakume elkartu ziren garaiko ohiko etxeko lanetatik harago bestelako jarduerak egiteko asmoz. «Ontza Kluba» izeneko elkarte moduko bat sortu zuten, eta hortik abiatuta eraiki dute antzezlana. Herriko pasadizoak eta garaiko giro soziala uztartzen ditu obrak.