Goierri garaiko Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten Legazpiko ikasleek klima aldaketaren eta horren ondorioen inguruan egindako lanketaren emaitzak ezagutzeko hitzordua izango da. Azoka Plazaola kalean kokatuko da, eliza atzealdean, 10:00etatik 12:30era bitartean. Bertan, ikasleek postuak jarriko dituzte, eta babesleku klimatiko ei leku berezia eskainiko diete, izan ere, horixe izan baita Eskolako Agenda 2030ean azken hilabeteetan landu duten gaia.
Babesleku klimatikoen beharrari buruz kontzientzia pizteko, “Itzalkideak” deituriko figurak izango dira azokara hurbiltzen direnak animatzeko eta informazioa jasotzera gonbidatzeko. Azokan, besteak beste, ikasleek osatutako Klima aldaketa eta egokitzapena erakusketa egongo da ikusgai, klima larrialdiaren aurrean hartu beharreko neurriak eta egokitzapen estrategiak ezagutzera emateko. Gainera, sariak ere banatuko dira galdetegi labur bat erantzuten dutenen artean.
Bestalde, datorren asteartean, hilak 9, Legazpi Klima 2030 Foroa bilduko da 18:00etan Gizarte Zentroan. Bertan, ikasleek Eskola Agenda 2030ean jorratzen ari diren aterpe edo babesleku klimatikoen gaiaren inguruan hitz egingo dute.
Aipatutako gaiari eskainitako bigarren foroa izango da. Aurrekoan, herrian aterpe klimatiko bihurtzeko potentziala zuten puntuak identifikatu zituzten, eta astearteko saioan aterpe horiek martxan jartzeko funtsezko gaiak jorratuko dira, hala nola, eskaini behar dituzten ekipamenduak eta zerbitzuak, komunikazioa eta sare baten aktibazioa. Herritar guztiak daude gonbidatuta parte hartzera.




