Antzezlan honek elkartearen sorrera du hizpide, eta hiru ataletan banatzen da. Lehenengoan, bazkaloste batean, jubilatuen elkartea osatzeko udalaren proposamena eztabaidatzen da, iritzi desberdinak agerian utziz.
Bigarren atalean, soziedade batean mus partida baten bitartean, elkartearen beharraren inguruko eztabaidak jarraitzen du. Azkenik, hirugarren atalean, jubilatuen arteko tertulia bat irudikatzen da, non politika, sexualitatea eta familia barruko tirabirak bezalako gaiak umorez eta gogoetaz jorratzen diren.
“"Haurrei, gazteei, helduei zein adinekoei; denei bideratuta dago. Umoreari lekua eman diogu, jendeak ondo pasa eta barre egin dezan. Sartu ditugu txisteak senar-emateei buruzkoak, sexuaren ingurukoak, familiartekoak..."
Antzezlaneko kideek adierazi dutenez, obra publiko guztientzat egokia da, gai serioak arintasunez tratatuz eta hausnarketarako bidea emanez. Esaterako, elkartearen sorreraren eztabaidan, herriaren eta herritarren arteko harremanari buruzko mezu bat nabarmentzen da.
Antzerkiaren ideia jubilatuen elkartetik bertatik sortu zen, herrian aktibotasuna sustatzeko eta herriari ekarpena egiteko asmoz. Hamabi edo hamahiru pertsona igoko dira oholtzara, baina hogei lagun inguruk hartu dute parte prestaketa lanetan, argiztapena, ordenagailuaren erabilera eta grabaketa barne.
Hasieran parte hartzaileak aurkitzeko zailtasunak izan bazituzten ere, azkenean jende nahikoa bildu dute, eta emaitzarekin pozik daude. Emanaldia Pernando Amezketarra kultur etxeko areto nagusian izango da, eta edukiera mugatua denez, aurrez izena ematea gomendatzen da. Bigarren emanaldi bat egiteko aukera ere aztertzen ari dira.




