Josu Urrestarazu idiazabaldarrak bere laugarren parte-hartzean lortu du garaipena T2T lasterketan. Beroa ondo kudeatu duela adierazi du lasterkariak: "Neguan hotzarekin asko sufritzen dut, eta desiratzen egoten naiz urteko sasoia hau iristeko. Gozatu egin dut, baina beldurra ere banuen, badakidalako beroarekin errendimendu onena izaten, baina besteekin alderatuta nirea gailentzen da, eta aprobetxatu ahal izan dut." Erroizpe/Larte pasatu eta gero lehen postuan jarri zen, eta jaitsieran giharrak babestu zituen helmugara indartsu iristeko.
Urrestarazuk lasterketa kudeatzen joan dela azaldu du: "erritmoa asko kontserbatu ahal izan dut, eta horrek baimendu dit helmugara indartsu iristea." Bigarren postuan ere sailkatu izan da aurretik, eta orain lehen postu hau lortzea falta zitzaion Tolosan.
“"Lasterketa kudeatzen joan naiz, erritmoa asko kontserbatu ahal izan dut, eta horrek baimendu dit helmugara indartsu iristea."
June Agirrezabalaga zarauztarrak lehen aldiz parte hartu du proban eta irabazi egin du. "Oso ondo joan da egia esan. Atera naiz ondo pentsatuz nola joan, nire onena eman ahal izateko, eta ikusi dut atzetik aurrera oso indartsu nindoala, jendea aurreratzen, eta pentsatu dut gorpuzkera ondo izan bitartean aurrera egingo nuela, eta helmugara oso ondo iritsi naiz", adierazi du.
Berarentzako lasterketa aproposa dela esan du, korrika asko egiten delako. "Oso karrera polita izan da. Antolakuntza aldetik ere oso ondo dago, jende pila dago gailurretan, eta asko animatzen dute", gaineratu du.
Eider Zubeldia amezketarrak ere lehenengo aldiz parte hartu du eta oso pozik bukatu du bigarren postuan. "Ez nuen espero bigarren egitea. Maila zegoela ikusi dut, eta egin duen beroarekin beldurra ematen zidan gehiegi estutzeak. Ikusi dudanean bigarren bukatu dudala oso pozik bukatu dut", esan du.
Zubeldia gustura dago egindako denboraldiarekin, besteak beste, Lakunza-Aralar mendi lasterketa irabazi du eta bigarren izan da Mendaroko Kilimon Trail lasterketan.
Gizonezkoetan, Xabat Maiotz segundarra eta Iñigo Leiza hernaniarra izan dira hurrenez hurren bigarren eta hirugarren. Emakumezkoetan, Leire Elola tolosarra hirugarren sailkatu da.




