Urteetako ikerketa, dokumentazio eta lanketaren emaitza den ekimenak ibilbide historikoaren berreskurapena ez ezik, haren ondare immateriala jasotzen duen Peribideko istorio ezkutuak haur-literaturako liburuaren argitalpena ere ekarri du. Barrena jauregian egin zen aurkezpenean elkartu ziren liburuaren egileak, Jakintza Ikastolako ikasleak, udal ordezkariak eta herritarrak. Argitalpena Larraitz Garmendiak eta Lide Lujanbiok idatzi dute, eta ilustrazioak Izaro Lizarragarenak dira.
Peribidearen berreskurapena Jakintza Ikastolak Frantzia, Txekia eta Norvegiako ikastetxeekin elkarlanean garatutako ‘Sustainable Entrepreneurship of Europe’ Erasmus+ proiektuaren barruan gauzatu da. Egitasmoaren helburua herrialde bakoitzeko ondare naturala, historikoa eta kulturala identifikatu, aztertu eta balioan jartzea izan da, ikasleen arteko nazioarteko lankidetzaren bidez.
Proiektuaren aurkezpenean, Garmendiak Peribideak Goierriko historian izan duen garrantzia nabarmendu zuen: «Peribidea ez zen bide bakar bat, bide-sare oso bat baizik. Garai batean funtsezko eginkizuna izan zuen baserri eremuak Ordizia bezalako gune ekonomikoekin lotzeko». Baserritarrek bide horien bidez eramaten zituzten produktuak azokara, eta beharrezko baliabideak eskuratzen zituzten bertatik.
Sustatzaileek egoera onenean kontserbatzen zen ibilbide zatia lehengoratu eta Gipuzkoako mendi-bideen sarean homologatu dute. Hemendik aurrera, SL-66 Peribidea izenarekin identifikatuta egongo da. Inaugurazio jardunaldiaren baitan, parte-hartzaileek 5,5 kilometroko ibilbidea egin zuten Peribidean barrena, eta ondoren, Ordizian, proiektuaren beste emaitza nagusia aurkeztu zuten: Peribideko istorio ezkutuak liburua.
Gerraosteko baserri-giroan eta garaiko testigantzetan oinarritutako kontakizuna da, eta Ordiziako kaleetan dauden hiru eskulturatan inspiratutako pertsonaiak ditu protagonista: Goizane, Peru eta Mariane. Liburuaren helburua ez da soilik paisaia edo natur ondarea ezagutaraztea. «Bideek pertsonen istorioak ere gordetzen dituzte; joan-etorriak, harremanak eta komunitate baten memoria kolektiboa. Hori transmititu nahi izan dugu kontakizunaren bidez», azaldu zuen Garmendiak.
Liburua eskuragarri dago jada, eta ostiralean egingo den Jakintza Ikastolaren Egunean eskuratu ahal izango da, 16:00etatik 18:30era bitartean, hamabi euroan. Era berean, interesa duten herritarrek aleak erreserbatzeko aukera izango dute peribidea@jakintza.eus helbidearen bidez. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurrerantzean D’Elikatuz zentroan eta hainbat liburu-dendatan ere eskuratu ahal izango da.




