Antolatzaileek nabarmendu dutenez, nahiz eta ohitura bat tradizio bihurtzen den une zehatza zaila izan, hamargarren ekitaldi honek argi uzten du Izazpiko Igoera lasterketa herrikoi errotua dela. Proba honen jatorria askoz zaharragoa da, 1978an Jose Antonio Aranzadi ezkiotarraren eta Joxe Aierbe ataundarraren arteko apustu batean baitago.
Lasterketak bizirik iraun du 2016an San Migeletako jai batzordekoek berreskuratu zutenetik, eta ondoren EzkiOn MartxaN kirol klubekoekin elkarlanean jarraipena eman diote. Igandean ospatuko den edizioa, Argindegi ostatu parean hasi eta Izazpiko puntara heldu ondoren hasierako puntura itzultzen den mendi lasterketa, “urteurren borobila da, galzorian egon zen proba batentzat”.
Lasterketa honen marka XX. mendekoa da, 1982an Pello Garin zizurkildarrak ezarritako 31 minutu eta 26 segundokoa. 2017an Aritz Egea oso gertu egon zen hura hobetzetik, baina 18 segundo gehiago behar izan zituen 6,3 kilometroko proba osatzeko. Marka hori XXI. mendera ekartzeko erronkak indarrean jarraitzen du, eta aurten ere 500 euroko saria gordeta dago denbora hori hobetzen duenarentzat.
Izen-ematea zabalik dago oraindik kirolzale.eus webgunean. Irabazlearentzat txapela eta 150 euroko saria egongo da, eta podiuma osatzen dutenek ere trofeoa jasoko dute. Lehen ezkiotarrak ere sarituak izango dira. Proba eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta umeen lasterketa bat ere egingo da ordubete lehenago, 11:00etan. Parte hartzaile nagusiei dortsala eta kamiseta bana emango zaie, eta gaztetxoei motxila bat.




