Datorren ekainaren 13an ospatuko den Goilurrak Rallya dela eta, hainbat errepide moztuko dituzte Goierriko hainbat udalerritan. Zehazki, Ormaiztegitik, Legazpi, Aztiri eta Mina arteko errepidea itxita egongo da 14:15etik 19:15era bitartean. Lasterketa 15:15ean hasiko bada ere, errepidea ordubete lehenago itxiko dute, eta bigarren pasaldia 17:45ean izango da.
Bestalde, Mendaur baserritik Zegamarako bidea 15:00etan itxiko dute, eta autoak 18:30ean pasatuko dira bertatik bigarren aldiz. Antolatzaileek gomendatu dute bitarte horretan etxetik irten edo bertara sartzeko beharra baldin badago, 688642894 telefono zenbakira deitzea, eta bidegurutzeetako arduradunek emango dituzte sartu-irtenak egiteko argibideak.
Lasterketaren norabidean izango dira sarrera eta irteerak, baina kasu bakoitza banan-banan aztertuko da. Probak asegurua du eta antolatzaileek adierazi dute zerbait apurtzen bada, aste beteko epean eman beharko dela jakitera telefono berdinera deituta.




