Iragan ostegunean, Goazen Ordizia ekimeneko kideek ohiko ibilbideak alde batera utzi eta Goierri Eskola ra joan ziren. Txango honen helburua eguneroko dinamikatik ateratzea eta esperientzia berri bat bizitzea zen, baita herriko espazioak ezagutzea eta naturarekin harreman zuzena izatea ere.
Ekimen honek parte-hartze zabala izaten du, besteak beste, Oianguren, Jakintza eta Goierri ikastetxeetako ikasleek, Gurutze Gorriko eta Goiekiko zaintzako ikasleek, Lagunkiro eta Zuhaizti elkarteetako boluntarioek, Garaguneko erabiltzaileek, San Jose egoitzako eta eguneko zentroko pertsonek, eta herritar boluntarioek laguntzen baitute. Osteguneko irteeran 54 lagunek hartu zuten parte zuzenean, eta ikasleak kontuan hartuta, guztira 100 pertsona baino gehiago bildu ziren.
“"Halako ekimenek adineko pertsonen aktibazioa, sozializazioa eta bakardadearen prebentzioa sustatzen dituzte, eta aldi berean, belaunaldien arteko harremanak indartzeko aukera ematen dute."
Goazen Ordizia urtean zehar ostegunero egiten den ekintza da, ariketa fisikoa egiteaz gain, elkarrekin denbora partekatzea eta harremanak sendotzea helburu duena, giro atsegin eta inklusibo batean. Ibilbideak hiru motatakoak izaten dira –luzea, ertaina eta motza–, parte-hartzaileen behar eta gaitasunetara egokituta.
“"Gu, hezkuntza zentro izateaz gain, harago joan nahi dugu: Goierri Eskolatik belaunaldi ezberdinen arteko zubi izan nahi dugu."
Menpekotasun egoeran dauden pertsonei arreta ikasketak egiten ari diren ikasleek ere ekimenaren balorazio positiboa egin dute, adineko pertsonekin harremana oso aberasgarria dela eta haien bizipenak eta esperientziak oso baliotsuak direla ikaskuntzarako adieraziz. Ordiziako Udala k herritarren parte-hartzea handitzea du erronka nagusietako bat, eta interesa duten guztiak ostegun goizetan plazara inguratzera gonbidatu ditu.




