Lehiaketa honetan, Irungo Txingudi A eta Goierriko Zumarraga-Urretxu taldeak arituko dira kantuan. Bidasoako taldeko kide batek adierazi duenez, txapelketa hau «opari bat» izaten ari da, eta finalerako txartela lortzen saiatuko dira saio «txukun» bat eginez.
Talde horretako kideak 2021ean Hendaiara joan zen bizitzera, eta orduan hasi zen Irungo Irunabar bertso eskolan. Bertsoak txikitatik gustuko izan dituen arren, ez zen zale sutsua. Bertso eskola «lagun berriak egin eta gustura aritzeko espazioa» izan zitekeela pentsatu zuen, eta «jende jatorra» topatu zuela eta «besoak zabalik» hartu zutela nabarmendu du.
2024an Gipuzkoako Txapelketako sailkapen fasean kantatu zuen lehen aldiz, eta «oroitzapen polita» du. Aurten, herriartekorako, Irunen bi talde sortzeko aukera ikusita animatu zen. Taldeak hiru helburu zituen: Irunen eta inguruan bertso saioak antolatzea, bertso eskolako kideak konektatzea eta inguruan bertsotarako zaletasuna areagotzea.
Lehen fasean, Donostialdea, Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetako taldeak elkarren aurka aritu ziren ligaxka formatuan. Txingudi A taldeak eskualdeko finala irabazi zuen, eta ondorioz, Hernaniko final-laurdenetako kanporaketara sailkatu zen. Hura ere irabazi, eta finalerdietara iritsi zen. Taldeko kideak adierazi duenez, «saio onak egin ditugu, baina ez genuen espero Hernaniko saioa irabazi eta finalaurrekora iristea. Sorpresa handia izan da, eta oso gustura gaude».
Goierriko taldea hiru kidek osatzen dute. Bidasoako taldea ere hiru gizonek osatzen dute, horietako bat beteranoena izanik, Gipuzkoako Txapelketan parte hartu izan duena, eta beste bat gazteena, umeetatik bertsotan hasi eta eskolarteko txapelketan kantatu izan duena. Bertso eskolako kideak ostegunero elkartzen dira, eta saioak prestatzeko, txapelketan aurrera egin ahala, egun gehiagotan elkartu dira.
Joan den larunbatean Oñatin jokatu zen lehen finalaurrekoa. Leintz taldeak lortu zuen finalerako txartela, Azpeitiko Zaharrak Berri taldeari irabazita. Finala hilaren 30ean Aian izango da. Tolosako saiorako eta finalerako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri.




