Ezkio-Itsason San Pedro jaiak ospatuko dira ekainaren 26, 27 eta 29an. Aurten, berritasun gisa, patata-tortilla lehiaketa antolatu dute, eta izena emateko epea ekainaren 23ra arte egongo da zabalik Udaletxean.
Ekainaren 26an, ostirala, 4x4 areto-futbol txapelketaren finalarekin hasiko dira ospakizunak 16:30ean. Ondoren, puzgarriak, txupinazoa eta buruhandien irteera izango dira, baita bertako sagardogileen sagardo dastaketa ere. Gaua DJ Unairen musikak girotuko du, mozorro festa eta ogitartekoak salgai egongo direlarik.
Larunbatean, ekainaren 27an, egitarauak hainbat hitzordu biltzen ditu: goizean haurrentzako eta helduentzako toka jokoak, poteo herrikoia Astiazaran II eta Narbaiza trikitilariekin, eta 14:30ean herri bazkaria Euskal Parrillaren eskutik. Bazkarirako txartelak Udaletxean eros daitezke ekainaren 23ra arte. Afaltzeko ogitartekoak egongo dira eta gauean Laket taldearekin dantzaldia.
San Pedro eguna, ekainaren 29an, astelehena, mezarekin hasiko da 11:00etan. Jarraian, hamaiketako berezia izango da, eta arratsaldean itsasoko kirolak haurrentzat Kulki enpresak gidatuta. 18:30ean egingo da aurtengo berritasun nagusia, patata-tortilla lehiaketa, eta festei amaiera emateko txokolatada izango da.




