Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Euskaltzaleon Martxa ekimenak kaleak hartuko ditu larunbatean Iruñean. Hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapenerako antolatu den eguna jai giroan ospatuko da, eta hainbat euskal elkarte atxiki dira mobilizazioari, tartean Lazkaoko Maizpide euskaltegia.
Mobilizazioa 17:00etan hasiko da, hiru zutabetan banatuta. Zutabe bakoitzak bere izaera, irudi eta protagonista propioak izango ditu, eta bakoitzak euskararen inguruko funtsezko aldarri bat plazaratuko du: lehenengoak (Runa parketik abiatuta) euskararen ‘ofizialtasun osoa’, bigarrenak (Antoniuttitik) ‘hizkuntza politiketan jauzi bat’ eta hirugarrenak (Askatasunaren plazatik) ‘euskaltzaletasunaren ekarpena’. Zutabeak Alde Zaharretik igaro ondoren, Gazteluko plazan elkartuko dira, ekitaldi nagusia egiteko.
Goierritik joateko autobusa antolatu da, eta Ordiziako tren geltokitik (15:00), Lazkao Txiki Zelaian (15:10) eta Beasaingo sarrerako biribilgunean (15:20) hartu ahal izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, egitarau zabala dela eta, jendeak egun osoko plana egiteko asmoa du.
Bestalde, Kontseiluak maiatzaren 28an aurkeztutako Pizkunderako Erronka 2036 egitasmoaren inguruan ere hitz egin da. Helburua 2036rako 300.000 hiztun izatea da, eta Maizpide euskaltegiko zuzendariak adierazi duenez, «helburuak jartzeak norabide bat markatzen du».
Begiristainek euskararen doakotasuna aldarrikatu du, eta adierazi du Jaurlaritzak aurrerapausoak eman baditu ere, ez dela nahikoa. Barnetegiaren garrantzia azpimarratu du, emaitza azkarragoak lortzen laguntzen duelako, nahiz eta inbertsio handia eska.




