Urtarrilean hasitako txapelketan faborito argi zen Leintz taldea –Ane Zuazubiskar, Haizea Arana, Oihana Arana, Larraitz Trojaola eta Olatz Zuazubiskar–, eta aurreikuspenak betez, txapela eskuratu zuen atzoko finalean, saio bikaina eta osatua eskainiz.
Hasieratik antolatzaileek eta parte hartzaileek nahi zuten lehia lagunartekoa eta gertukoa izan zen, eta hala islatu zen finalean ere. Leintz taldeak umorezko agurra kantatu zuen, eta Urretxu Zumarragakoek ere publikoa algaraka jarri zuten.
Ariketa puntuagarriei dagokienez, librekoan Haizea Arana eta Manex Mantxola aritu ziren, eta ondoren, hamarreko txikian, Ane Zuazubiskarrek eta Mikel Iturriotzek hartu zuten lekukoa. Ohikoak ez diren ariketak ere izan ziren, hala nola, talde bakoitzeko kide bati –Oihana Arana eta Antton Fernandez– hamabina errima emanda hiru zortziko txiki kantatzea.
Ofizioka, zortziko txikian, autobuseko bi bidaiariren paperean sartu ziren Haizea Arana eta Manex Mantxola. Ondoren, puntuka, Ane Zuazubiskar eta Antton Fernandez udako festa giroan murgildu ziren. Koplaka, berriz, Haizea Arana, Mikel Iturriotz eta Ane Zuazubiskar pisukideen elkarbizitza irudikatu zuten, eta ganbarako lanarekin borobildu zuten ariketa zerrenda.
Guzti honekin, Leintz taldeak 21-15 irabazi zuen finala. Unai Mendizabalek eta Igotz Alkortak, Karidadeko benta taldeko kideek, txapel bana jarri zieten irabazleei.
Jatorriz eguerdian bertso-poteoa egitekoa bazen ere, azken orduan bertan behera geratu zen. Antolatzaileek jakin berri zuten Oreretako bertso eskolako irakasle batek eraso matxista bat egin zuela, eta gertaera salatzeko elkarretaratzea deitu zuten arratsaldeko saioaren aurretik.




