EH Bilduk bere iritzia plazaratu du Aldiri2 kiroldegi proiektuari buruz, prentsa ohar baten bidez. Koalizioak dio bi udalek, Urretxuk eta Zumarragak, kirol azpiegituren arloan elkarlanean aritu beharko luketela, eta Pagoetako eremua dela toki estrategiko egokiena bi herrietako beharrei erantzuteko kirol ekosistema bat sortzeko.
Proiektua aurkeztu zenetik 16 hilabete igaro direla gogoraraziz, EH Bilduk azpimarratu du ezinbestekoa dela bi herrien artean falta diren kirol azpiegituren inguruko epe ertain eta luzeko hausnarketa egitea. Taldeak aurreikusten duenez, egungo Aldiri2 proiektua, gobernu taldeak planteatzen duen moduan, ez da nahikoa izango bi udalerrien kirol beharrei erantzuteko.
Horregatik, EH Bilduk uste du proiektuak irekita egon beharko lukeela Zumarragarekin partekatutako kirol ekosistema anbiziotsuago bat sortzera, udalaz gaindiko erakundeen finantzaketa formulak bilatuz eta erabiltzaileen egungo beharrei erantzunez.
Aldiri2 proiektuak 6,5 milioi eurotik gorako aurrekontua du, baina Urretxuko Udalak inbertsio horri aurre egin beharko dio, proiektuak ez baitu lortu Europako Batzordearen New Bauhaus programaren finantzaketa baldintza teknikoak betetzea. Horrek udalak datozen urteetan izango duen inbertsio gaitasuna baldintzatuko duela adierazi dute.
EH Bilduk berretsi du 2023an egindako proposamena: Aldiri2k hobekuntza ekarriko duen arren, beharrezkoa da bi udalerrien premien aurretiko diagnostiko oso bat egitea. Horretarako, kirol eragileen, udal teknikarien eta herritarren arteko parte-hartze prozesu bat abian jartzea proposatzen dute, etorkizunari begira aukera paregabea baita bi udalerriek batera elkarlanean kirol azpiegituren ekosistema anbiziotsu bat sortzeko Pagoeta inguruan.




