CIE Legazpik eta Sidenor Altzairu Bereziak enpresek ordaindu beharko dute batez ere amiantoak eragindako minbiziagatik kalte ordaina jasoko duen langile ohi bati dagokion zenbatekoa. Auzitegi Gorenak berretsi egin du Eibarko Lan Arloko Epaitegiak 2024an onartutako erabakia, eta horrela, CIEk jarritako errekurtsoa atzera bota du.
Epai honen arabera, CIE Legazpi eta Sidenor enpresek 208.197,98 euro ordaindu beharko dizkiote langileari. Bestalde, GKN Driveline enpresak 158.230,45 euro gehiago ordaindu beharko ditu, ez baitzituzten bete amiantoaren aurkako babes neurriak.
Kalte ordaina jasoko duen langile ohiak mantentze hidraulikoko lanak egin zituen Patricio Echeverria lantegiko altzairutegian, 1970 eta 1991 artean. Geroago, 2010ean jubilatu zen arte, GKN Driveline Legazpin lan egin zuen. 2019an biriketako adenokartzinoma diagnostikatu zioten, eta laneko gaixotasunak eragindako ezintasun absolutua aitortu zioten 2023an.
Langileak 2025ean eskatu zien kalte ordaina Patrizio Etxeberriaren enpresaren ondorengo diren CIE eta Sidenorri. Eibarko epaitegiak onartu egin zuen, baina CIEk errekurtsoa jarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, eta honek ere ez zuen onartu. Azkenik, Auzitegi Gorenera jo zuen, eta honek behin betiko epaia eman du kalte ordainaren alde.
“"Enpresek ezagutzen zuten minbizi arriskua, baina legea ez betetzea erabaki zuten, eta nahiago izan zuten prebentzio neurrien kostuak saihestu, langileen osasunarekiko arriskua eta kalteak gutxietsiz."
Amiantoaren Euskadiko biktimak biltzen dituen Asviamie elkarteak azaldu duenez, enpresek arriskua ezagutzen bazuten ere, prebentzio neurriak ez betetzea erabaki zuten. Elkarteak "pozik" agertu da azken epai honekin, nahiz eta bidea luzea izan den.




