Ekitaldia Albisu etxearen ondoan dagoen oroigarrian egin da, 2013az geroztik urtero uztailaren 27an egiten den moduan. Bertan, 1936ko uztailaren amaieran fusilatutako 34 pertsonak gogoratu dituzte, baina baita gerraren eta errepresioaren ondorioz hildako beste hainbat beasaindar ere.
Antolatzaileen arabera, aurten omenaldia zabaldu egin dute, Beasainekin lotura zuten gudari eta milizianoak ere gogoratuz. Guztira, beste 34 izen gehitu dira hildakoen zerrendara, askatasunaren eta balio demokratikoen alde borrokatu zirenak.
Oroimen ekitaldiak errepresioaren biktima izan ziren senideei elkartasuna eta hurbiltasuna adieraztea izan du ardatz. Urte haietan kartzelatutakoak, lan behartuetara bidalitakoak eta emakumeek jasandako jazarpena ere gogoan izan dituzte, euskararen debekua eta bizi izandako beldurra azpimarratuz.




