Udalbatzak aho batez onartu ditu herritarren ongizatea, gizarte-kohesioa, euskararen sustapena eta tokiko ekonomia indartzeko hainbat dirulaguntza-lerroren oinarri arautzaileak. Horien artean, 15.000 euro bideratuko dira egoera ekonomiko ahulean dauden familien 2 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeek kultura-, kirol- eta aisialdi-jardueretan parte hartzea sustatzeko. Gainera, euskara ikasteko dirulaguntzen oinarriak onartu dira 37.000 euroko hasierako aurrekontuarekin, eta azokako bonuak indartzeko 10.000 euroko partida bideratuko da.
Tokiko Gobernu Batzordeak bi egitasmo estrategikori bide eman die: Antzizar kiroldegiko muskulazio-gimnasioa klimatizatzeko gauzatze-proiektuari (193.670,87 euro ko aurrekontuarekin) eta 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako STEAM esperimentazio- eta ikerketa-gunea dinamizatzeko zerbitzuaren kontratazioari (55.511 euro urteko).
Bestalde, 60.000 euroko partida bideratuko da 2026-2027 ikasturtean ikastetxeek eta guraso-elkarteek hezkuntzako jarduera osagarriak antola ditzaten. Taxi-tarifen igoera ere onartu da, %4,5ekoa, Goierriko erregimen bereziko eremuan.




