Lazkaon gaur estreinatu den Batala Mendi Lasterketak arrakasta handiz bete ditu antolatzaileen itxaropenak, 211 korrikalarik bi probetan parte hartu dutelarik. Eguraldi beroa eta ibilbide azkarra izan dira ekitaldi honen ezaugarri nagusiak. Inklusioaren aldeko aldarria ere nabarmendu da, martxa berezi batekin.
Probaren antolakuntza, Bakuntza taldearen ingurukoa, oso txalotua izan da. Hiru modalitate eskaini dira: 12 kilometroko esprint mendi lasterketa, 30 kilometroko trail luzea, eta ibilbide laburrean gauzatu den mendi martxa inklusiboa, ia 100 lagunek parte hartu dutelarik.
Korrikalariek bero nabarmena sentitu dute, nahiz eta aste osoko tenperaturak baino apalagoa izan. Antolatzaileek arreta zerbitzu zabala prestatu dute. 30 kilometroko ibilbidea, Goierriko Trail Kopako luzeena, Lazkaotik hasi eta Esparru mendia igo, Ataunera jaitsi, eta Aralarren barneratuz Agaotz tontorrera iristen da, 1.350 metroko desnibel positiboarekin.
Trail probako 81 korrikalariak (7 emakumezko) 08:00etan irten dira Lazkaoko plazatik. Ondoren, 130 partaide (48 emakumezko) atera dira distantzia motzeko proban, 24 graduko tenperaturan. Eguerdi aldera, euri zaparrada batek hezetasun sentsazioa areagotu du.
Ibilbideak bikoizteak konplikazio gehigarria ekarri du antolakuntzarentzat. Distantzia motzekoek Lazkaotik Goierri Eskolarantz, Oiangu parkera, Lazkemendira eta Amundarain baserriraino joan dira, Ataungo Troskaetara jaitsiz. Distantzia luzekoek, berriz, kontrako noranzkoan ibili dira gehienbat, Amundarain aldean soilik elkartuz. Beasaingo Ehunmilak taldearen aholkularitza teknikoa jaso dute.
Trail luzean, Aitor Arotzena donostiarrak irabazi du, Jokin Gijarro zumaiarra estu hartuta. Hirugarren postuan Egoitz Arrieta urretxuarra sailkatu da, lehen goierritarra izanik. Emakumezkoetan, Miren Bastida azpeitiarrak nagusitasunez irabazi du, Amagoia Iribar oriotarrari eta Maite Murgia lazkaotarrari 17 minutu ateraz.
Proba motzean, Julen Badiola bergararrak eskuratu du garaipena, Iban Sanjuan zegamarra eta Iñigo Garde oibartarra atzetik zituela. Emakumezkoetan, Maider Unanue lazkaotarrak irabazi du bere jaioterrian, Nora Anton eta Intza Urrestarazu lazkaotar jatorriko ordiziarrarekin batera podiuma osatuz.
Batala lasterketa Goierri Kopako egutegian zortzigarren proba puntuagarria izan da. Sailkapen nagusian, gizonezkoetan Egoitz Arrieta (453 puntu) da lider, eta emakumezkoetan Maite Murgia lazkaotarrak sendotu du bere postua (445 puntu).
Esprint distantzian, gizonezkoetan Bingen Erauskin da lider (545 puntu), eta emakumezkoetan Nora Anton lazkaotarra (645 puntu).




