Ospakizunak ostiralean hasiko dira, 19:00etan, kanpai-hots eta suzirien jaurtiketarekin. Egun horretan, bolo eta toka txapelketak, auzoko afaria eta erromeria izango dira Dani Oiarbide eta Aritz Markinez trikitilariekin.
Larunbatean, Santa Marina egunean, meza nagusia eta hamaiketakoa egingo dira. Arratsaldean, Sustraiak Dantza Taldeak eta Tenerifetik etorritako talde gonbidatuak dantza emanaldiak eskainiko dituzte. Gainera, herri kirol desafioa eta bertso-afaria izango dira Iker Zubeldia eta Aitor Mendiluze bertsolariekin.
Igandean, mendi lasterketaren 20. edizioa eta patata tortilla lehiaketa izango dira protagonista. Jaiak amaitzeko, txistorra eta tortilla pintxoak banatuko dira, Elustondo anaien musikaz lagunduta.
Legazpiko Udalak Junetorri zerbitzua indartuko du asteburu osoan zehar, auzotarrek eta bisitariek garraio publikoa erabil dezaten, bereziki mendi lasterketara joateko.




