Datorren ikasturtetik aurrera, Alotza haurreskola Haurreskolak Partzuergoan integratuko da, eta horrek aldaketa garrantzitsu bat ekarriko du: zerbitzua doakoa izango da familientzat. Haurreskolak irailean hasiko diren haurrentzako izen-emate epea ireki du.
Aurten, izen-ematea haurreskolan bertan egin beharko da, aurrez aurre, maiatzaren 4ra arte, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 18:00etara. Izan ere, integrazioa irailean gauzatuko da, eta ordura arte ezin izango da Haurreskolak Partzuergoaren bidez formalizatu. Dagoeneko Alotzako erabiltzaile direnek ez dute berriro izena eman behar. Ikasturtea hasten denean, hilero deialdiak irekiko dira geroago sartuko diren haurrak inskribatzeko.
Beste aldaketa bat sukalde zerbitzuan izango da. Haurreskolak Partzuergoak ez du zerbitzu hori eskaintzen, beraz, familiek etxean prestatutako janaria eraman beharko dute. Hala ere, Udalak aztertzen ari da orain arte Alotzan eskaini den zerbitzua mantentzeko aukera. Horregatik, familiek izen-emate orrian adierazi beharko dute zerbitzua jasotzeko interesa duten. Edonola ere, kudeaketa eta kostua familien (guraso elkartearen bidez) ardurapean egongo lirateke, nahiz eta Udalak laguntzeko formulak aztertzen ari den.
Izen-emate prozesuan eta ondorengo baremazioan Haurreskolak Partzuergoaren araudia aplikatuko da. Izen-emate orria Ordiziako Udalaren webgunean dago eskuragarri, eta bertan aurkeztu beharreko dokumentazioa zehazten da. Era berean, Partzuergoaren liburuxkan zerbitzuari buruzko informazio gehigarria kontsultatu ahal izango da.




