Alegiko Madalenak txupinazoarekin hasiko dira gaur

Alegiko auzoan ospatuko diren Madalenak jaiei hasiera emango die gaur arratsaldeko txupinazoak.

Irudi generikoa da, jai giroa erakusten duena.
IA

Irudi generikoa da, jai giroa erakusten duena.

Alegiko auzoan hasiko dituzte gaur arratsaldeko txupinazoarekin Madalenak jaiak, eta asteartean amaituko dira egitarau zabalarekin.

Alegiko auzoan prest dute Madalena jaiei hasiera emateko egitaraua. Gaur, uztailaren 17an, lehertuko da festa 19:15ean botako duten txupinazoarekin. Gaur eta bihar artean banatuko dira astebururako antolatutako ekintzak eta asteazkenean, Madalena egunez amaituko dituzte jaiak egun osoko egitarauarekin.
Txupinazoaren ondotik, sagardo dastaketa izango da gaur, 19:30etik aurrera. Aurten, Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko sagardoak eta inguruko baserrietakoak dastatzeko aukera izango da, guztira 12 bat zuku ezberdin.
Ostiraletako herri afariak indarra hartu du azken urteetan. Aurten, 270 lagunek eman dute izena afari jendetsuan, bertakoak zein inguruko herrietakoak gerturatuko direlarik. Joselu Anaiak taldearen erromeria ere izango da jaietako lehenengo egunean.
Larunbatean, mus eta toka txapelketak jokatuko dira. Ondoren, Itsasoko Ostatukoek parrillada eskainiko dute eta Joxe Mendizabalek jarriko du dantza giroa.
Asteazkenean, Madalena egunean, egun osoko egitaraua antolatu dute. Meza izango da Izazpe abesbatzak lagunduta, eta ondoren, antzinako autoen erakusketa. Bi bizilagunek berreskuratutako auto, motor eta bizikleta bereziren bat jarriko dituzte ikusgai, gehienak XX. mende hasierakoak. Arratsaldean, haurrentzako parkeak, ardo dastaketak eta Dj Unairen emanaldiak osatuko dute egitaraua.