Adunako Zabala sagardotegian banatu ziren atzo VIII. Jakitea sariak. Xabier Zabaleta Jakitea elkarteko lehendakariak eta Arantxa Arrizabalaga Beasaingo Kattalin erretegikoak eman zioten saria Iñigo Urkiolari.
Sari nagusi honekin batera, beste bederatzi aitortza egin zituen Jakitea elkarteak. Horien artean, Casa Garras (Karrantza, Bizkaia) jatetxeak jaso zuen 0 kilometroa/Eusko Label saria, Bordatxo jatetxeak (Usurbil, Gipuzkoa) jatetxe onenari saria, eta Balerdipeko Erleak (Tolosaldea, Gipuzkoa) bertako ekoizleari saria.
Gainera, Artola tabernak (Donostia, Gipuzkoa) jaso zuen pintxo tradizional onenari saria bere Donostiarra pintxoagatik, eta Chez Mattin (Ziburu, Lapurdi) jatetxeak plater tradizional onenari saria. Biko taberna jatetxeak (Tolosa, Gipuzkoa) euskararen sustatzeagatik errekonozimendua jaso zuen.
Ibilbide osoari dagokionez, hainbat aitortza egin ziren: Amaia Portuzar (Ganbara taberna, Donostia), Begoña eta Belen Plazaola (Arrate jatetxea, Leintz-Gatzaga) eta Pili Bereziartu (Irubide jatetxea, Hernani) jaso zuten saria. Juan Carlos Beltran (Xixario jatetxea, Orio) bertakotzeagatik nabarmendu zen, eta Pepe Barrenak jaso zuen kazetaritza gastronomikoari saria.




