Sara Alonsok hirugarren postua lortu du Zegama-Aizkorrin

Donostiarrak bere marka pertsonala hobetu du proban, Malen Osaren eta Tove Alexanderssonen atzetik helmugaratuz.

Irudi generikoa mendiko lasterketa batena.
IA

Irudi generikoa mendiko lasterketa batena.

Sara Alonso korrikalari donostiarrak hirugarren postua eskuratu du 25. Zegama-Aizkorri mendi maratoian, bere marka pertsonala hobetuz.

Sara Alonso donostiarrak podiumean amaitu du aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoia, hirugarren postuan sailkatuz. Lasterketa irabazteko aukerarik izan ez bazuen ere, bere ibilbideko denborarik onena lortu du proban, 4.25.51ko denborarekin. Aurretik, Tove Alexandersson suediarrak (4:08:09) eta Malen Osa oñatiarrak (4.23.56) helmugaratu ziren.
Alonsok eta Osak lehia estua izan dute probaren lehen zatian, donostiarra aurretik zihoala. Hala ere, Aizkorriko gailurraren inguruan aurrea hartu zion Osak, eta horrela iritsi ziren biak helmugara. Alonsok adierazi du pozik dagoela egindako lanarekin: “Banekien Tove harrapatzea ia ezinezkoa izango zela. Malenek aurrea hartu didanean, hari jarraitzen saiatu naiz, baina ez dakit zenbat aldiz erori naizen gailurraren inguruan, eta, azkenean, erabaki dut nire lasterketa egitea. Dena eman dut eta Zegama-Aizkorrin orain arte eginak nituen denboretan onena egin dut”.

"Dena eman dut eta Zegama-Aizkorrin orain arte eginak nituen denboretan onena egin dut"

Sara Alonso · Korrikalaria
Gizonezkoen lasterketan, Elhusine Elazzaui marokoarrak irabazi du proba (3.45.07), Daniel Patis italiarra bigarren izan da (3.45.27) eta Taylor Stack estatubatuarra hirugarren (3.52.17). Euskal Herriko ordezkari onena Aitor Ajuria (Leintz-Gatzaga, Gipuzkoa) izan da, 3.57.56ko denborarekin. Bestalde, Killian Jornet ez zen bere mailarik onenean aritu eta 43. postuan helmugaratu zen (4.19.23).