Alzheimerraren Mundu Eguna ospatu zen irailaren 21ean, eta horren harira, Afagi elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean Gipuzkoa Alzheimerrarekin izeneko kanpaina abiarazi dute. Datuen arabera, probintzian 13.000 pertsona baino gehiagok pairatzen dute Alzheimerra edo bestelako dementziak, eta horrek zuzenean eragiten die inguruko 40.000 senide eta zaintzaileri.
Kanpainaren ekitaldi nagusia Donostian izango da larunbatean, hilak 19. Bertan, Kontxako barandan giza katea osatuko dute Cervantes plazaren parean, 12:00etatik aurrera hogei minutuz. Antolatzaileek erakunde, profesional, elkarte, familia, gaixotasuna duten pertsona, boluntario eta herritar guztiak gonbidatu dituzte ekintza honetan parte hartzera.
Eskualde mailan ere kanpainarekin bat egingo dute, informazioa zabaltzeko mahaiak jarriz. Orion bihar, asteazkena, azokaren plazan jarriko dute informazio mahaia goizean, eta Zarautzen, ostegunean egingo dute gauza bera.
Prentsaurrekoan, Maite Peña, Zainketen eta Gizarte Politiken diputatuak, eta Iñaki Olalde, Afagiko presidenteak, kanpainaren nondik norakoak azaldu zituzten. Peñak beharrei aurrea hartzearen garrantzia azpimarratu zuen, datozen urteetan dementzien inguruko beharrak areagotuko direla aurreikusten baita. Horren harira, diputatuak Prebentzioaren Kulturaren Zentro berria nabarmendu zuen, Europan aitzindari den eredu bat sustatzen duena, prebentzioa, arreta espezializatua eta lankidetza soziosanitarioa uztartuz. "Aurrerapauso bat ematen ari gara beharrei aurrea hartzeko eta prebentzioa alzheimerra eta bestelako dementziak lantzeko moduaren parte izan dadin", adierazi zuen.
Peñak Afagi elkartearen lana ere goraipatu zuen, elkartea ezinbesteko eragile bihurtzen dela azpimarratuz, bere urteetako esperientzia, gertutasuna eta pertsonen ondoan egoteko gaitasunari esker.
Bestalde, Olaldek gogorarazi zuen gaixotasun honek milaka familiaren bizitzan eragina duela Gipuzkoan. Biztanleriaren zahartzearen aurrean, dementzien hazkundeari aurre egiteko eta erantzuna indartzeko beharra defendatu zuen, "ezagutza gehiago, ikerketa gehiago, diagnostiko hobeak, baliabide gehiago eta eragile guztien arteko koordinazio handiagoa behar ditugu", esan zuen.
Aurten, elkarteak tratamendu berrien inguruan jarri du arreta berezia. Olalderen arabera, tratamendu hauek ez dira sendabideak eta arriskuak dituzte, baina pertsona batzuentzat, baldintza kliniko jakin batzuetan, gaixotasunaren bilakaera moteltzeko aukera izan daitezke. Horregatik, Afagik defendatzen du terapia horiek eskuratzeko aukera irizpide kliniko eta zientifikoetan oinarritu behar dela, baina baita ekitatea ere kontuan hartu behar dela, irizpide medikoak betetzen dituen edonork tratamendua eskuratzeko aukera izan dezan.




