Lagun Onakek puntu kontrajarriak lortu ditu kanpoko partidetan

Gizonezkoen taldeak berdinketa mingotsa lortu zuen Añorgan, 0-2 aurretik joan ondoren, eta emakumezkoen taldeak garaipen garrantzitsua Oiartzunen.

Irudi generikoa futbol baloi bat belar gainean, atea atzealdean lausotuta.
IA

Irudi generikoa futbol baloi bat belar gainean, atea atzealdean lausotuta.

Joan den asteburuan, Lagun Onak futbol klubeko talde nagusiek kanpoan jokatu zuten, eta sei puntuetatik lau lortu zituzten, baina sentipen kontrajarriekin itzuli ziren etxera, emaitzak aztertuta.

Gizonezkoen taldeak berdinketa mingotsa lortu zuen atzo eguerdian Añorgan (Gipuzkoa), Espainiako Hirugarren Mailako ligaren fase erregularreko azken hirugarren jardunaldian. 0-2 aurretik joan ondoren, 2-2 berdindu zuen azkenean. Lehen zatian nagusi izan zen Azpeitiko taldea, eta lehen ordu erdi pasatxorako egin zituen bere bi golak. Hala ere, bigarren zatian etxeko taldeak bi gol sartu zituen, 53. eta 78. minutuetan, eta garaipena ihes egin zien.
Emaitza honekin, Lagun Onakek laugarren postuari eusten dio 53 punturekin, igoerako kanporaketak jokatzeko aukera ematen duten postuetan. Hala ere, tokia ez dago ziurtatuta, sei puntu geratzen baitira jokatzeko eta zazpi taldek baitute oraindik play-off postuetara iristeko aukera. Datorren igandean, 18:00etan, jaitsiera saihesteko borrokan ari den Eibar C taldea hartuko dute Garmendipen.
Bestalde, emakumezkoen taldeak garaipen ederra lortu zuen zapatuan Oiartzunen zelaian, Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan. Hiru puntu horiei esker, Oiartzungo taldearekin puntutan berdintzea lortu dute, 43 punturekin, eta sailkapenean aurretik jarri dira, zazpigarren postuan. Lehen zatian erakutsitako nagusitasunari esker, hiru gol sartu zituzten, 0-3ko emaitzarekin atsedenaldira iritsiz. Bigarren zatian, etxekoek gol bat sartu zuten, baina Lagun Onakek ondo eutsi zion partidari.
Datorren asteburuan, Lagun Onakeko emakumeek Garmendipen jokatuko dute, sailkapenean hirugarren postuan dagoen Elgoibarren aurka.